Greba Arabako Metalean, ekainaren 30ean eta irailaren 21ean, 22an eta 23an

2022/06/20
ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek bigarren greba txanda deitu dute ekainaren 30erako eta irailaren 21erako, 22rako eta 23rako, Arabako metalaren negoziazio mahaia desblokeatzeko asmoz. Sindikatuek akordioa lortzeko borondatea berretsi dute, eta SEA patronalari bilera bat eskatu diote ekainaren 29rako programatutakoa baino lehen. Halaber, iragarri dute soldaten, subrogazioaren eta malgutasunaren inguruko proposamen berri bat erregistratuko dutela, eta SEAri eskatu diote negoziazioarekiko konpromiso bera. Hala, soldata igoerak eta urteko lanaldia murrizteko proposamenak eskatu dizkiote patronalari, besteak beste.

Maiatzean egindako hiru greba arrakastatsuen ondoren, sindikatuek berriro eskatu diote SEA patronalari urratsak egin ditzala, udako oporren aurretik. KPIren araberako igoerak jaso behar direla errepikatu dute, bai tauletan, bai soldata errealetan; lanaldia nabarmen jaitsi; baja medikoen osagarriak hobetu; subrogazio zabala jaso; malgutasuna mugatu; eta bizitza erdigunean jarriko duten neurriak ezarri, laneko osasunean eta berdintasunean hobekuntzak egitearekin batera.