Greba egun arrakastatsua Mercedesen, zuzendaritzaren eta UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuen arteko aurreakordioaren ostean

2022/07/13
Mercedesen (Gasteiz) ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako greba eguna arrakastatsua izaten ari da: berriro gelditu dira ekoizpen lineak, eta fabrikako sarrera guztiak bete dira informazio piketeekin. Lanuzte horrek are meritu handiagoa du, atzoko bileran enpresarekin aurre-akordioa lortu zuten sindikatuek desmobilizaziorako dei aktiboaren aurka doalako.

Langileen mezua ozen eta argi entzun da berriro: aurre-akordioa ez da nahikoa. ELAk uste du gehiengo sindikalak eta zuzendaritzak proposatutako edukiak ez daudela plantillaren ahaleginaren neurrian, ezta enpresak urtez urte sortzen dituen onura handien parean ere. Soldatak ez dira KPIarekin lotzen langileen erosahalmena bermatzeko – gatazka hasi zenetik aldarrikapen garrantzitsuenetako bat izan dena–, eta, ez da aurrerapausorik eman txanda-kontratuari, mugikortasunaren erregulazioari edo asteburu eta jaiegunetako langileen baldintzei buruz ezarritako gutxienekoetan.

Zaila da negoziazio kolektiboaren prozesua nola amaituko den jakitea, baina ELAk argi dauka langileekin batera borrokatzen jarraituko duela gutxieneko eduki arautuak eta blindatuak izango dituen hitzarmen duina lortzeko.