Arabako Metaleko greba erregistratu dute

2022/04/20
ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek batera erregistratu dute maiatzaren 18, 24 eta 26rako greba deialdia Arabako Metalean. Lan baldintza hobeak aldarrikatu dituzte, eta patronalari urratsak egitea eskatu diote, urteetaan negoziatzen egon eta gero. ELAk, CCOOk eta LABek 2021eko abenduan adostu zuten lan hobekuntzak aurreikusten dituen hitzarmen kolektibo bat lortzeko beharrezko negoziazioak eta ekintza sindikalak bultzatzea; akordio horrekin bat egin zuten, ondoren, USOk, ESK-k eta CGTk. Sindikatuek, orduan, aldarrikapen taula bat adostu zuten helburu argiekin, baina gaur egun oraindik ez du erantzunik jaso SEA patronalaren aldetik, ez baitu lanaldia murriztea planteatzen, ez baitu langileen erosteko ahalmena bermatzen eta ez baitu lan baldintzen hobekuntzarik proposatzen.

Pausoak eman beharrean, apirilaren 12an egindako bileran, eta greba deialdiaren berri izan ondoren, patronalak berriro eskatu zien sindikatuei urratsak egitea.

Ildo horretan, beren aldarrikapen nagusiak honako hauek direla gogorarazi dute:

  • KPIaren gaineko soldata igoerak, 1400 euroko gutxieneko soldatarekin, 14 ordainsaritan.
  • Lanaldia nabarmen jaistea.
  • Azpikontratetako langileentzako subrogazioa.
  • Kontratazioko iruzurraren aurkako neurriak.
  • Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
  • Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
  • Lan osasuna bermatzeko neurriak.
  • Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan baldintza batzuk.
  • Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraaktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Horregatik guztiagatik, ELAk, CCOOk, LABek, USOk, ESK-k eta CGTk greba egunetan parte hartzeko eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diote sektore osoari.