Arabako Esku-hartze Soziala

Greba gehiago maiatzean, negoziazioan aurrerapausorik ez badago

2026/04/22
Greba gehiago maiatzean, negoziazioan aurrerapausorik ez badago
2026ko laugarren greba eguna izan dute gaur. Deialdiak jarraipen zabala izan duela esan dute ELA, LAB, CCOO eta ESK-k eta berretsi dute erakundeen ardura dela negoziazioan urratsak egitea.

Duela 14 hilabete baino gehiago eratu zen Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmenaren negoziazio mahaia, eta denbora honetan guztian, AISA patronalak negoziazioa blokeatu du, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen esanetan. Ildo beretik, Arabako erakundeei leporatu diete beste alde batera begiratu izana. “Jarrera politiko hori onartezina da, lan eta zerbitzu horiek gehienbat pribatizatutako lanak baitira. Zerbitzuen azpikontratazioa erakundeen erabaki kontzientea da, sektoreko lan-baldintzak prekarizatzeko erabakia”, kexu dira. Egoera konpondu ezean, grebak eta manifestazioak indartuko dituztela aurreratu dute. 

Sindikatuek deitoratu dute AISA patronalak ez duela erakutsi akordioa erdiesteko borondaterik. Izan ere, 2026 urtean egindako proposamena 2025ekoa baino okerragoa zen eduki ekonomikoei eta lanaldiaren jaitsierari dagokionez. Sindikatuen esanetan, hurrengo egunetan ikusiko da AISAk egoera ulertzen duen eta, behingoz, sektorearen aldarrikapenei erantzuna ematen dien.