Greba historikoa Arabako metalgintzan hitzarmen duin baten alde

Jarraipena zabala izaten ari da sektore osoan, esaterako, Tubos Reunidos, Iza, Tubacex Fiasa, Detesa, WEC, Burulan, Equipos de Transmisión, Burdinberri... Era berean, Sidenor, Tubacex eta Tubos Reunidos enpresa handietan, adibidez, gutxieneko zerbitzu gehiegi daudela salatu nahi du ELAk. Mercedesen, adibidez, ez da langileen batzordea bertaratzen utzi, eta sindikatuek salatuko dute hor. Hala ere, greba eragin handia izaten ari da Mercedesen ekoizpenean. Azken finean, argi dago patronala oso urduri dagoela; atzo hainbat mezu helarazi zizkieten langileei grebarik egin ez zezaten.
Bestetik, ELAk berretsi egin du akordioa lortzeko bere konpromisoa, baldin eta edukiak eta mahaiaren gehiengoak defendatzen eta onartzen badu. SEAk nahi duen malgutasun amaigabea baztertzen jarraituko du ELAk, baita aldizkako kontratu finkoak eta 18.000 baino gutxiagoko soldatak ere, bizitza proiektu duin batekin bateraezinak izaki.
Enpresa askok gutxieneko horiek gaindituta ditute, baina haatik, garrantzitsua da sektoreak hitzarmena izatea SEAren lan baldintzak okertzeko bidea geldiarazteko. Beste hitzarmen batzuek ezartzen duten muga horretara iristeko borrokatuko da ELA, hala nola, Gipuzkoako metalekoenera.
Horregatik, lehen greba egun honen ondoren patronalak ez badu inolako proposamenik egiten, ELAk sektorea mobilizatzeko lanean jarraituko du. Oraingoz, beste bi greba egun deitu ditu beste sindikatuekin batera maiatzaren 24rako eta 26rako.