TUVISA
Greba mugagabea deitu dute 2024ko martxotik aurrera

Gasteizko Udalaren proposamena "eduki gabekoa" dagoela iritzita, Tuvisako langileek(Arabako hiriburuko autobusen garraio publikoa kudeatzen duen udal enpresa) greba mugagabea deitzea erabaki dute 2024ko martxotik aurrera. Aldez aurretik, hainbat mobilizazio egingo dituzte urtarrilean eta otsailean zehar. Honako hauek dira aldarrikapen nagusiak: lanpostuak bermatzeko eta sortzea, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzea, herritarrei ematen zaien zerbitzu publikoa hobetzea eta hitzarmena modu eraginkorrean negoziatzen hastea. Abenduan lau greba egun egin ondoren, enpresak eta udalak proposamen bat bidaltzeko konpromisoa hartu zuten, eta azkenean abenduaren 27an iritsi zen proposamen hori batzordera. Hala ere, ez die erantzuten langileen aldarrikapenei. "Bidalitako dokumentuak ez du inolako edukirik", diote.
Gauzak horrela, aurkako 3 botorekin, boto zuri batekin eta aldeko 214 botorekin, 218 langileek mobilizazioen egutegi berri bat adostu dute.
Urtarrila: Urtarrilaren 8tik aurrera, astelehen, asteazken eta ostiral guztietan 4 orduko lanuzteak egingo dira. Goizeko 5etatik 9etara.
Otsaila: Egunero 4 orduko lanuzteak astelehenetik ostiralera. Goizeko 5etatik 9etara.
Martxoa: Greba mugagabea.
Gatazka konpontze aldera, langileen aldarrikapenak aintzat hartzea eskatu diote Gasteizko Udalari.