TUVISA

Greba mugagabera joko dute otsailaren 10etik aurrera

2024/01/24
Tuvisako (Gasteizko autobus publikoak) langileek martxoaren 3rako aurreikusita zegoen greba mugagabea otsailaren 10era aurreratzea erabaki dute, enpresak eta Gasteizko Udalak urratsik egiten ez dutela ondorioztatu ostean. Hala erabaki dute langileen %90ek asanblean. Joan den abenduan hasi zen Tuvisako greba eta mobilizazio dinamika. Orain arte, 12 greba egun egin dira (ordu batzuetako lanuzteak eta greba egunak kontuan hartuta). Orain arte, hainbat bilera egin dira udal enpresako arduradunekin eta bertako presidente Iñaki Gurtubay zinegotziarekin, eta hainbat proposamen partekatu dira. Halere, astebete baino gehiago igaro da berririk gabe. Ondoren, urtarrilaren 19an, udalak bere azken proposamena bidali zuen. ELAk, ordea, edukirik gabekotzat jo du proposamena. "Literaturaz beteta dago eta ez die erantzuten mobilizazioak hasi zirenetik aldarrikatzen ari diren gai estrategikoei", deitoratu du.

Batzarrean 253 langilek hartu dute parte. %90ak erabaki du lau orduko lanuzteak bertan behera uztea eta greba mugagabea hastea.

TUVISAko LANGILE BATZARRAREN DATUAK

Partehartzaileak: 253

Bozkatu dutenak: 249

Lanuzte mugagabearen ALDEko bozkak: 223 (%89,55)

Lanuzte mugagabearen KONTRAko bozkak: 20 (%8)

Bozka Zuriak: 5 (%2)

Bozka Nuloak: 1 (%0,45)

Langileak lanpostuen defentsan ari dira borrokan, herritarrei zerbitzu publiko ona emateko. Haien aldarrikapenen artean daude, halaber, lanaldia fitxaketa sistemaren bidez zenbatzea eta pribatizatutako zerbitzuak publikoak izatea. Kalitatezko zerbitzu publikoak eman ahal izateko, ezinbestekotzat jotzen dute zerbitzu horiek ematen dituzten zazpi langileek lan baldintza onak izatea.