ARABAKO KIROL JARDUEREN SEKTOREA

Grebara, hitzarmen probintzial baten alde

2025/01/15
Sektoreko 500 langileek grebara joko dute urtarrilaren 23an, 24an, 25ean eta 26an, hilaren 20ko hurrengo negoziazio mahaian aurrerapenik ez badago

ELAk (%45,45eko ordezkaritzarekin) eta CCOOk, LABek eta UGTk, sei eguneko greba deitu dute urtarrilean, Arabako kirol jadueren sektorean. ELAk adierazi du aurreko hitzarmena 2023ko abenduan iraungi zela, eta salatu du 2024aren hasieratik 14 negoziazio bilera egin diren arren hitzarmen berriari buruz, patronalaren proposamenek ez dituztela bermatzen planteatutako gutxienekoak.

Azken negoziazio mahaian, KPIari lotutako soldata igoerak, lanaldi murrizketa, lanaldi irregularra, oporrak, prestakuntza, antzinatasun plusak, ordaindutako baimenak eta abar landu dira, baina patronalak ez ditu gutxienekoak onartzen, kontziliazioa edo egonkortasun ekonomikoa nekez ahalbidetzen duen egoera bat iraunaraziz.

Negoziazio mahaiaren hurrengo data urtarrilaren 20a izango da, astelehena, baina negoziazioak blokeatuta daudenez eta aurrerapausorik ematen ez bada, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk grebara deitu dute langileen bizi kalitatea bermatuko duen hitzarmen duin bat defendatzeko. ELA ziur dago mobilizazioa eta borroka izango direla gatazka konpontzeko eta enpresekin eta administrazio publikoarekin akordio bat lortzeko bidea.

Arabako kirol jardueren sektorean azpikontratatutako udal zerbitzuak sartzen dira, hala nola kantxak, futbol zelaiak, pilotalekuak eta udal igerilekuak eta Agurain, Amurrio, Araia, Laudio, Langraiz eta Murgiako kiroldegiak, besteak beste.