ARABAKO ERRESIDENTZIAK
Grebek berriz ere baldintzatu dute zentroetako egunerokoa

Gaur eta bihar, ekainak 4 eta 5, egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langileak kalera aterako dira berriro lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzeko. Berrogeita hamar greba egun baino gehiago dira jada, duela 6 urte baino gehiago hasi baitziren borrokan. Bi greba egun hauetarako hainbat mobilizazio daude deituta. Gaur, ekainak 4, manifestazioa egingo dute 18:00etan Plaza Berritik abiatuta Enviserreko langileekin, non LGS propio eta duin bat eskatuko duten. Bihar, berriz, elkarretaratzea izango da 11:00etan Aldundiaren aurrean.
Ekaineko bi greba deialdi hauek gatazkaren une garrantzitsu batean kokatzen dira. ELArentzat sektoreko langileen bizitza hobetuko duen lehen hitzarmena lortzeko unea da. Horretarako, ezinbestekoa da bai Aldundiak eta bai patronalek ere benetan prozesuan parte hartzea eta inplikatzea. Baina hori, gaur egun, ez da gertatzen ari, kexu da sindikatua. ELAk dio ez duela sinatuko pertsona horien bizitza nabarmen hobetuko ez duen hitzarmenik.
Gauzak horrela, baieztatu dute grebak egiten jarraituko dutela. Datorren astelehenean, ekainaren 9an, dago deituta negoziazio mahaia. “Urtebete baino gehiago enpresa proposamenik gabe egon ondoren, bada garaia mahai gainean hobekuntza nabarmenak jartzeko”, adierazi dute.