Hamalaugarren greba eguna Arabako zahar egoitzetan, hitzarmen probintzial duina eskatzeko

2021/06/02
Ekainaren 2an hamalaugarren greba eguna da Arabako zahar egoitzetan. Egun langile hauei Estatu-mailako hitzarmena aplikatzen zaie, eta horrek langile hauek miseriazko lan eta bizi baldintzetara kondenatzen ditu: besteak beste, 997 euroko soldata gordina eta urtean 1.792 lanordu. Euren egoera salatzeko sektoreko langileek manifestazioa egin dute eguerdian Gasteizen, Udaletik Foru Aldundiraino.

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek deitutako greba egun berri honetan, langileek sektoreko enpresen jarrera salatu dute. Izan ere, orain arte uko egin diote herrialdeko hitzarmena negoziatzeari. Langileek bi urte baino gehiago daramate aldarrikapen berdinarekin, baina enpresek ez dute patronalik eratzeko egitasmorik eta, beraz, ez dago negoziatzeko biderik. Aldundiak ere ez ditu enpresariak mahai baten inguruan esertzera behartzen, eta Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak oraindik %100ean mantentzen ditu, pandemia aitzakiatzat hartuz, egoiliar guztiek dagoeneko bi txertoak jarrita dituzten arren.