FRANCISCO DE VITORIA IKASTETXEA

Hezkuntza Sailak ez du lan osasuna bermatzen

2024/03/18
Langileek estres eta antsietate maila handiak izaten dituzte gehiegizko lan kargak eta zuzendaritzaren jarreragatik. ELAk ikastetxeko zuzendaritzari eta Hezkuntza Sailari eskatu die arrisku psikosozialen azterketa egin dezatela, eta ahal bezain laster neurri zuzentzaileak hartzeko.

Gasteizko Francisco de Vitoria IESeko langileak egoera onartezinak jasaten ari dira aspaldian arrisku psikosozialei aurre egiteko azterketa eta neurri falten ondorioz. Muturreko egoera horiek plantillaren osasun mental eta emozionalean eragiten ari dira. Ikastetxeko klaustroaren gehiengoa behin-behinekoa izateaz gain, Gasteizko segregazio handienetakoa duen ikastetxea da.

ELA sindikatuak, testigantzak jaso eta lan arloko prekaritate inkestak aztertu ondoren, antzeman du lan kargak handiegiak direla eta lanaren antolaketa eskasa dela. Gainera, zuzendaritza taldearen intimidazio ugari jasotzen dituzte langileek. Emakumezkoak nagusiki pairatzen ari diren prekaritate egoera hori, jasanezina bihurtu dena. Egoera hori Hezkuntza Sailaren neurri faltak baino ez du azaltzen. Zentzo horretan, adierazgarria da oso ikastetxean izaten ari den aldi baterako ezintasun egoera kopuru altua.

Egoera hori Hezkuntza Sailaren gelditasun eta arduragabekeriaren emaitza da. Saila da langileen lan osasuna bermatzeaz arduratzen dena; lanaren antolaketa egokia, zentroaren ezaugarri eta beharrizan zehatzen araberako baliabide nahikoak eta egokiak, plantilla nahikoa eta egonkorra eta ondo formatutako zuzendaritza taldea bermatu beharko luke. Aipagarria da, halaber, irakasleek bizi dituzten egoera horiek ikasleengan ere eragina dutela.

ELAk bilera eskatu zion ikastetxeko zuzendaritzari, eta eskatu zion arrisku psikosozialen azterketa emateko, baita egoera berriz aztertzeko ere. Eskaera bera egin zion Hezkuntza Sailari eta Prebentzio zerbitzuari. Erakundeen erantzunik gabe asteak igarota, prebentzio zerbitzuak jakinarazi dio ELAri ikastetxeak ez zuela arrisku psikosozialen aurkako protokolorik, ezta azterketarik ere. Era berean, ez zaio eskatutako azterketa hori burutzeko datarik eman. Horrek osasun arloko araudia ez betetzea dakar; arrisku psikosozialen azterketa egina eta eguneratua izatea derrigorrezkoa da, lan osasuna bermatzeko neurri prebentibo eta zuzentzaileak izatearekin batera.

Gauzak horrela, ELAk salatzen du Gasteizko Francisco de Vitoria BHIn pairatzen ari den prekaritate egoera, eta arrisku psikosozialen azterketa berehala egiteko galdegiten du. ELArentzat onartezina da Lan arriskuen Prebentzioarako Zerbitzuak jasaten duen hornidura falta. Horrek agerian uzten du langileen lan osasunarekiko konpromiso falta Hezkuntza Sailaren aldetik. ELAk plantillen mobilizazioa bultzatuko du lan osasuna bermatzeko hezkuntza sektorean.