CIE MECAUTO (AUTOMOTIVE)
Hiru langileen kaleratzea salatu du ELAk
CIE Mecauto (CIE Autonomotive automobilgintzarako piezak ekoizten dituen multinazionaleko) enpresako zuzendaritzak jakinarazi du hiru langile kaleratu dituela Jundizko industrialdeko (Araba) lantokian, plantillan dauden 90 langiletik hiru emakume bakarrak, eta horietako bat Enpresa Batzordeko kidea. Hori gutxi ez, eta aldi baterako ezintasun egoeran zegoela jakinarazi diote kaleratzea, hau da, bajan zegoela.
Kaleratzeen erabakia alde bakarrez egin du enpresak, eta Enpresa Batzordeari galdegin gabe. Gogoratu behar da CIE Automotivek 90 milioiko emaitza garbia izan duela aurtengo lehen hiruhilekoan, hau da, aurreko ekitaldiko aldi berean baino % 9,6 gehiago, eta ustiapenaren emaitza gordina 179,3 milioikoa izan dela, hau da, iazko lehen hiruhilekoaren aldean % 13,8ko hazkundea.
Enpresa Batzordea (ELAk 3, CCOOk 2) kaleratzeen aurka agertu da eta kaleratutako langileak berriz hartzeko eskatu dio enpresari. Batzordeak batzarra deitu du biharko, kaleratzeen aurkako mobilizazio egutegia adosteko.