Hirugarren greba eguna Arabako Esku-hartze Sozialean

Patronalak langileak pobretu nahi ditu KPIaren azpiko soldat igoerak ezarriz, eta oraindik ez die beste hobekuntzarik egin lizentzia eta baimenei, lanaldiaren murrizketari edo bajen soldata osagarriei dagokienez. Sindikatuek eskaera zuzena egin diote Aldundiari: patronalak eta sindikatuek lortzen dituzten akordioak finantzatzea, Gasteizko Udalaren Osoko Bilkurak ekainaren 17an mozio baten bidez onartu zuen bezala.
ELAk, CCOOk, LABek, ESK-k eta UGTk azpimarratu dute urrats handia izango litzatekeela AISAk finantzazioa bermatzea. Patronalak, ordea, jarraitzen du esaten oraindik ere berme hori ez duela. "Patronalak bere egungo jarrera itxia aldatzeko aukera du ekainaren 23an, 12:00etan, PRECOn izango dugun negoziazio mahaian", diote.
Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Bertan salatu dute Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak uko egin diola sindikatuekin hitz egiteari, joan den astean bilera bat eskatu arren. Langileek Gasteizko Udaleko Langileen Batzordearen eta GOFEko Langileen Batzordearen babesa izan dute berriz ere.
Arratsaldean, kafe solasaldia egingo dute, Arabako gizarte zerbitzu pribatizatuen egoeraz eztabaidatzeko. 1.000 langile baino gehiago daude sektorean, horietatik %75 baino gehiago emakumeak.
“Gizarte zerbitzuen prekarizazioa gertatzen ari da. EAJren eta PSEren gobernuek bazterrean utzi dituze ahulenei arreta ematen dieten zerbitzuak”, kexu dira.