INDESAri, Arabako Foru Aldundiaren menpeko enplegu-zentroa, langileak bost axola zaizkio

2020/04/03
INDESAko zuzendaritzak ERTE bat eskatu zuen martxoaren 25ean. Horren bidez 347 langileri kontratua etetea proposatu dute, koronabirusaren osasun-alarmak dirauen artean. Eteteko diren postuak funtsezko zerbitzuen izendapenean sartzen ez direnak dira. Zuzendaritzaren proposamenaren arabera ERTEaren bidez langabeziara doazenen soldatak %100eraino osatzea onartzen da. INDESA enplegu-zentro berezi bat da, sozietate publiko gisa eratua, %100ean publikoa, Arabako Aldundiaren menpekoa, non 850 langile aritzen diren, haietako asko funtsezko jardueretan, eta lan-baldintzetan hobetzeko tarte handia dutenak, ez baitira iristen ezta mileurista izatera ere.

 

Hori horrela, martxoko nomina atzo, apirilak 1ean jaso zuten langileek. Eta ERTEaren peko pertsonalari nomina murriztua ordaindu diote, ez diete abonatu hitzemandako osagarria; eta, jakina, ez dute kobratu langabeziaren zatia, zeren INEMek ez baititu abonuak egiten hilaren 10era arte (eta orain duten lan-karga ikusita, litekeena da maiatzaren 10era arte ez ordaintzea, eta hori eragozpen gehiagorik ez balego). Beraz, ERTEaren eraginpeko langile gehienek 500 edo 600 € inguru jaso dute. Hori dela-eta, aukera egin beharko dute jatearen eta ohiko ordainketak egitearen artean.

INDESAk, ERTEa eskatzeko dokumentazioa behar bezalako denbora eta baliabideak eduki arren, ez du galdu segundo bat bera ere bere langileen egonkortasuna bermatzen. Ez da makurtu ezta azalpen bat ematera ere ez langileei, ez haien ordezkari sindikalei.

Jarrera hori ez da berria, INDESAko lan-baldintzak oso adierazgarriak dira; baina azken jokabide hori are nabarmenagoa izan da, ahal baledi, eta agerian utzi du zenbateraino axola zaizkien langileen lan-baldintzak, lansaria hilaren amaierara arte helduko ote zaien, eta enpresaren erabakien ondorioz zein-nolako arazoak sortuko zaizkien.

ELAk eskatzen die INDESAko Zuzendaritzari eta Arabako FORU ALDUNDIAri erabaki hori zuzentzeko, eta nominaren %100erainoko aldea berehala ordaintzeko.