Jarraipen zabala Altan Bernedon (Araba) greba mugagabearen lehen egunean

2021/11/29
KPIaren igoerak jaso eta lanaldiari eutsiko dion enpresa hitzarmena lortu nahi dute Altan Bernedoko (ELA 6 eta LAB 3) enpresa batzordeak. Hori dela eta, gaur hasi dute greba mugagabea, jarraipen zabalarekin.

Farmaziako industria sektorean diharduen lantokia da, eta 150 langile ditu. Hainbat mobilizazio egin dituzte enpresa hitzarmen duinagoa aldarrikatzeko. Zehazki, helburua da enpresa itunaren edukiak defendatzea – Itun horren bidez Kimikako Estatuko Hitzarmena alde batera utzi dute –, eta KPIa igoko duen enpresa hitzarmena bihurtzea.

Negoziazioetan adierazi den bezala, enpresak ez du KPIa igotzea aurreikusten, eta produkzioaren eta absentismoaren araberako igoerak baino ez ditu proposatzen. Era berean, hiru lanaldi gehiago eskatzen du, aplikazio subsidiarioa den Kimiken Estatuko Hitzarmeneko lanaldira joateko. Gainera, enpresak ABE osagarriak kendu nahi ditu. “Ekoizpen gehiago, presentzia handiagoa eta irabazi handiagoak bilatzen dituzte fabrikan, azken urteetako enpresa itunetan hobetutako eskubideak ukatuz, horien ultraaktibitatea laster amaitzen baita”, salatu dute langileek.

Azaroan egindako greba egunek erabateko jarraipena izan zuten: produkzioko langile finkoen % 100ek bat egin zuten grebarekin, baita mantentze lanetan, biltegian, I+Gn eta kalitate kontrolean diharduten langileek ere. Eta gaurko egunak ere antzeko jarraipena izaten ari da.