ARABAKO ERRESIDENTZIAK ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK

Jarraipen zabala grebaren bigarren egunean

2023/11/09
Administrazioak geldirik eta enpresek negoziatzeko borondate gutxi dutenez, Arabako erresidentzietako eta etxebizitza komunitarioen langileek greba egin dute azaroaren 9an. Gaurkoa sektorean azaroan deitutako bigarren greba eguna izan da. Jarraipena oso handia izan da, batez ere gerokultoreen artean. Helburua lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat lortzea da.

ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera deitu ditu grebak, erakundeen pasibotasuna eta enpresek negoziatzeko duten borondate eskasa direla eta. Langileek elkarretaratzea egin dute IMQ Igurco egoitzan. Bertatik abiatuta manifestazioa egin dute Andre Maria Zuriaren plazaraino. Bertan, langileek giza kate bat egin dute, sektoreko langileak grebarako eskubidea etengabe urratzen ari direla salatzeko. Enpresek Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen agindua hautsi besterik ez dute egiten.

Egoitzetako zuzendaritzek oheak egitera eta medikoki araututa ez dauden dutxak egitera behartzen dituzte langileak, beste kategoria batzuetako langileei ez dagozkien zeregin eta funtzioetan inplikatzera behartzen dituzte, gutxieneko zerbitzuen ehunekoekin gezurra esaten dute, greba egunetan plantilla indartzen dute, gutxieneko zerbitzuak eta ordutegia ezartzen dituzte... eta hori guztia jarraipena nabari ez dadin, ez egoitzan, ez kalean, grebarako eskubidea urratuz.

Azaroak 10ean aste honetako azken greba eguna izango da. Lehen ordutik, pikete informatiboak egingo dira egoitzetako sarreretan, eta 11:00etan manifestazioa egingo dute Gasteizen, INMON Carmelitas egoitzatik.

Kontuan hartuta ia egoitza guztietan gertatzen diren gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eta grebarako eskubidearen urraketa etengabeak, ELAk positibotzat jo du sektoreko greba. Izan ere, eragozpen guztiekin, langileak kalera itzuli dira.