Heceygo (Gasteiz)
Jarraipen zabala grebaren lehen egunean

Heceygo enpresako langile ia guztiek -Jundizko Poligonoan (Gasteiz) dagoen enpresa da, eta 30 lagunek lan egiten dute bertan- bat egin dute ELAk deitutako lehen greba egunarekin. Automobilgintzako piezak margotzen dituen enpresa hori 60ko hamarkadaren amaieran sortu zen, eta 2021ean egungo zuzendaritzak erosi zuen. Azken 3 ekitaldietan lortutako mozkin izugarriak gorabehera (1,9 milioi euro), altxortegi zabalarekin, eta jarduera urtetik urtera errentagarriagoa izanik, 30 pertsona lanik gabe utziz itxi nahi dute enpresa. Horregatik, langileek greba mugagabera jotzea erabaki dute, euren lanpostuak defendatzeko.
ELAk positibotzat jo du grebaren lehen egunean lortutako jarraipena, eta enpresaren zuzendaritzari eskatu dio atzera egiteko jarduera eteteko asmoetan, onurak ematen ari den enpresa bideragarri bat izanik.