Jarraipen zabala izan du Burulan-Aernnovako bigarren greba asteak

2022/07/11
Burulan enpresako (Aernnova Taldea) langileen %90ek greba egin dute hitzarmen berri baten alde. Fabrika Miñaon eta Kontzejuan dago, 110 langile ditu eta mekanizazioan dihardu. Enpresa-batzordea (6 ELA, 3 USO) pozik agertu da grebaren bigarren asteak izandako arrakastagatik, eta mobilizazioekin jarraituko dutela ziurtatu du, langileen aldarrikapenak bilduko dituen hitzarmen berri bat lortu arte: sortutako aberastasuna banatzea; soldata-hobekuntzak; bidezko lanbide-sailkapena; lanaldiaren murrizketa; txanda-kontratua; eta enpresaren barruan hainbat alderdi hobetzea.

"Grebaren jarraipen zabalak mezu argia utzi du: enpresak nengoziatu behar du", diote sindikatuek.

Aurreko hitzarmenaren indarraldia 2021eko abenduaren 21ean amaitu zen. Orduz geroztik, batzordea langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziatzen ari da, pandemian zehar enpresak egin dituen abusuzko Aldi Baterako Lan-Erregulazioen ondoren. Zuzendaritza, ordea, ez dago prest soldatak igotzeko, ezta lan-eskubideak hobetzeko ere.

Gauzak horrela, Burulaneko langileek mobilizazio hauekin jarraituko dute:

Uztailaren 12an: Miñaon eta SEA posta-plazan (12:00-13:00).
Uztailaren 13an: Miñaoko eta Kontzejuko solairuetan.
Uztailaren 14an: Miñaon eta Andre Mari Zuriaren Plazan (12:00-13:00).
Uztailak 15: Miñaon eta Eusko Jaurlaritzan (12:00-13:00).