Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioak

Jarraipen zabala izan du grebak

2025/01/30
Arabako Aldundian aurrekontuak adostu ondoren, ez da urratsik eman eta negoziazioak blokeatuta jarraitzen du.

ELAk eta LABek deitutako grebak erantzun zabala izan du berriro Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorean. ELAk positibotzat jo du grebaren jarraipena, batez ere kontuan hartuta sektoreko 39. greba eguna dela eta Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituela. Honakoa izan da 2025eko lehen greba eguna.

2024aren amaieran EAJ-PSEren Gobernuak, EH Bildurekin batera, Arabako Aldundian aurrekontuetarako akordio bat lortu zuen. Haren bitartez, Arabako egoitzen lehen hitzarmenera bideratutako zenbateko bat ezarri zen. ELAk gogorarazi du aurrekontu-akordio horri probintziako hitzarmen duina lortzeko konpromiso eta neurri espezifikoek jarraitu behar diotela. Oraingoz, ez da urratsik egin, eta ELAk kritikatu du neurria propaganda izateko bidean dela.

Administrazioarekin izandako azken elkarrizketen ondoren, ELAk azaldu du akordio bat lortzetik urrun dagoela egoera. Sindikatuak berretsi du ez duela onartuko lan baldintzen hobekuntza nabarmenik ekarriko ez duen hitzarmenik prekarizatuta dagoen sektore honetan. Otsailaren 20an ELAk mobilizatzen jarraituko du beste greba egun batekin.