TUBOS REUNIDOS PREMIUM THREADS

Jarraipen zabala izan du hirugarren greba egunak Langraiz Okako enpresan

2024/07/17
Langraiz Okan (Araba) kokatuta dagoen Tubos Reunidos Premium Threads enpresako produkzioko langile gehienek bat egiten dute hirugarren greba egunarekin. ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute, negoziazioa desblokeatzeko eta enpresa hitzarmena lortzeko. Atzo, uztailak 16, beste bilera bat izan zuten enpresarekin, baina negoziazioak geldirik darrai. Gainera, enpresa grebarako eskubidea urratzen ari dela salatu du enpresa batzordeak lan ikuskaritzan, grebalariak erdi mailako agintariekin ordezkatzen ari delako.

Sindikatuek abuztuaren 2ra arte deitu dute greba, eta datorren astelehenean, uztailak 22, elkarretaratzea egingo dute Tubos Reunidos taldeak Amurrion duen lantegian, enpresa ituna gainditzea eta hitzarmen kolektibo propioa izatea eskatzeko, erosahalmena bermatzeko, lanaldia jaisteko eta plusak igotzeko, besteak beste.