ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA (ARABA)

Justiziak arrazoia eman dio ELAri, eta akordioak legez kanpoko artikuluak dituela ebatzi du

2025/04/03
CCOOk gutxiengoan adostutako akordioak sektore osorako araudia egitea bilatzen zuen zenbait artikulutan, hori legez kanpokoa denean. Epaiak deuseztatu ditu gutxiengoan sinatutako hitzarmenaren 6 artikulu.

Gasteizko Lan Arloko 3 zenbakiko Auzitegiak arrazoia eman dio ELAri, eta adierazi du CCOOk Arabako Etxeko Laguntza Zerbitzuan gutxiengoan sinatutako estatutuz kanpoko hitzarmeneko sei artikuluk ez dutela baliorik. ELAk duela bi urte akordioa sinatutakoan adierazi zuen hitzarmeneko artikulu batzuk ez zirela legezkoak, oro har legeak egitea bilatzen zutelako, eta hori ezin zen gutxiengoan sinatutako testu batekin izan. Epaitegiek gaur arrazoia ematen diote, nahiz eta errekurtsoa jar dakiokeen.

ELAren ustez, epaiak garrantzi handia du. Alde batetik, hilabeteak indarrean zeramatzan ilegaltasun bat zuzentzen du. Bestalde, agerian uzten du sindikatu sinatzailearen eta sektoreko patronalen jarrera antidemokratikoa, administrazio publikoek babestua eta baimendua.

Zaintzaren sektorean gutxiengoan sinatutako hitzarmenek gora egin dute, ELAk salatu duenez. Gertaera larria dela dio, gutxieneko arau demokratikoak urratzen dituena, eta sindikatuari babesa ematen dioten langileen borondatea usteltzen duena. ELAk adierazi du administrazio publikoek laguntza ematen dutela hori gerta dadin. ELAk borrokan jarraituko du Arabako etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta zaintza sektore guztietan, langileen baldintzak hobetzeko.