Heceygo (Gasteiz)

Justiziak baliogabetzat jo du Enplegu-Erregulazioko Espedienteak eragindako kaleratzeak

2025/01/30
Enpresak bidegabeko kaleratzeak eta izapide aldiko soldatak ordaindu beharko ditu. ELAk azpimarratu du agerian geratu dela Enplegu-Erregulazioko Espedientea ez zegoela justifikatuta.

Heceygok, automobilgintzarako piezen pintura industriala egiten duen Gasteizko enpresak, bertako 30 langileei kalte ordaina eman beharko die, Justiziak ebatzi baitu ez zegoela pisuzko arrazoirik 2024an enpresa ixteko. ELAk jarritako salaketaren ondotik dator ebazpena. Izan ere, azken aldian sektorean ziurgabetasuna nagusitu den arren, HECEYGOk mozkinak pilatzen eta dibidenduak banatzen jarraitu du, alegia, frogatutzat eman da lantegia bazela errentagarria.

Enpresak itxiera ekarriko zuen Enplegu-Erregulazioko Espedientea (EEE) iragarri zuenean, 2024ko maiatzean, langileek greba mugagabea deitu zuten eta enpresak proposatutako baldintzak baztertu zituzten. Izan ere, enpresak nahi zuen kaleratzeak bidezkoak zirela onartzea. Bide beretik, jabeak mozkinak sortzen jarraitzeko aukera izan nahi zuen, nahiz eta enpresa itxi. Hori dela eta, ELAk epaitegietan salatu zuen eta kautelazko neurriak eskatu zituen epaia eman arte zuzendaritzak ezin zezan enpresa desegin, makinak saldu eta onura gehiago lortu. Hala ere, Justiziak kautelazko neurriak hartzea baztertu zuen.

Enplegu-Erregulazioko Espedientearen aurkako epaiketa egin ondoren, justiziak kaleratzeak baliogabetzat jo zituen, eta kaleratutako pertsonak berriro onartu behar zirela ebatzi zuen. Hala ere, azkenean plantilla kaleratu egin zuten, fabrika desagertu egin delako. "Desagertu egin da epaitegiek ez zituztelako onartu epaia ematen zen bitartean desegitea eragozteko eskatutako kautelazko neurriak", deitoratu du ELAk.

Nolanahi ere, enpresak bidegabeko kaleratzeengatik eta izapide aldiko soldatengatik ordaindu beharko du.

Nolanahi ere, Heceygoko borroka ez da amaitu, enpresak hartzekodunen konkurtsoa eskatzen baitu kalte ordainak ez ordaintzeko. Egoera horren aurrean, ELAk eskatzen du banatutako dibidenduak eta egindako deskapitalizazioak itzultzeko, eta zuzendaritzaren erruduntasuna aitortzea.