Mercadonako Gasteizko bloke logistikoa

Kontzentrazioak hitzarmen propioaren alde

2023/03/23
Mercadonako Gasteizko bloke logistikoko langileek bilkurak deitu dituzte pairatzen duten prekaritatea salatzeko. Langile hauei Estatuko hitzarmena aplikatzen zaie eta, ondorioz, lan baldintza kaxkarrak dituzte: soldata baxuak, kontziliazio arazoak eta antsietatea eragiten duen presio handia

Bilkura 13:00etatik 15:00etara izan da, eta ELAk eta LABek deitu dute, enpresa-batzordean gehiengoa duten sindikatuek. Arratsaldeko txandan, berriz, bilkura 21:00etatik 22:00etara izango da. Langileek salatzen dutenez, Estatu mailako hitzarmena aplikatzearen ondorioz, lan baldintza kaxkarrak dituzte: familia eta lana bateratzea zailtzen duten lanaldiak; 16.000 euro inguruko soldatak; eta antsietate egoerak sortzen dituen presio handia, besteak beste.

Enpresa Batzordeak lan baldintzak berton negoziatzea eskatzen dute. Izan ere, urtez urte, estatuko hitzarmena berritzen da bertako baldintzak kontuan hartu gabe eta langileen baldintzak hobetzen ez dituzten eduki pobreekin. Horrela, Mercadona urteko ordu gehien dituen enpresetako bat da, astelehenetik larunbatera bitarteko lanaldiekin eta kontziliazioa zailtzen duten txandekin.

Era berean, enpresan etengabe egiten dira aktak, eta ez dago legezko erregulaziorik. Enpresa batzordeak uste du akta horiek zaildu egiten dutela urteko prima jasotzea. Prima deitutako soldata gehigarri bat kobratu ahal izateko beharrezkoa da aktarik ez izatea, protestarik ez egitea eta irizpide objektiborik ez duen urteko balorazioa gainditzea, biltegiko arduradunek hartzen baitute erabakia. Bide beretik, langile batek bere baldintzen defentsan protesta egiten duenean, enpresak kaleratzea adostea proposatzen dio.

Testuinguru honetan, ELAk salatu nahi du langile asko daudela aldi baterako ezintasunean, antsietateagatik eta/edo depresioagatik, eta gero eta kasu gehiago daudela, enpresaren prebentzio politika hutsaren ondorioz.

Azkenik, sindikatuak salatu nahi du kaleratze asko gertatzen direla sindikatuen ordezkaritzarik gabe eta informazio eta aholkularitza egokirik eman gabe; kaleratze horiek, askotan, langileei eragiten zaien beldurragatik sinatzen dira.