AEG POWER SOLUTIONS (MIÑAO)
Akordioa lortu da, KPIaren araberako soldata igoerekin

Miñaoko (Araba) AEG-ko enpresa-batzordeak (ELA gehiengoa da bertan) hitzarmena berritzeko akordioa lortu du. Datozen lau urteetan (2023-2026) indarrean egongo den hitzarmena lortu eta gero, bertan behera utzi dituzte uztailaren 20ra arte deituta zeuden grebak. Jarraipena zabala izan duten lau eguneko lanuzteen ondoren etorri da akordioa. Akordioari esker, KPIari lotutako soldata igoerak izango dituzte, aurreko hitzarmenean galdutako erosahalmena konpentsatuko diete eta soldata eskala bikoitzaren aurkako neurriak izango dituzte.
Lehen aldiz izan da ELA negoziazioan, azken hauteskunde sindikalen ostean lortu baitzituen ordezkaritza eta gehiengoa batzordean. Aurreko batzordeak 2021erako eta 2022rako hitzarmen bat sinatu zuen, baina %1eko igoera baino ez zuen jasotzen. Orain, erosahalmena berreskuratzea lortu da.