Lan heriotza Eltziegoko Bodegas Eguia upategian

2021/10/08
ELAk jakin ahal izan duenez, lan-istripu hilgarri bat gertatu da Eltziegoko Bodegas Eguia upategian (Araba). Goizaldean gertatu da zoritxarreko ezbeharra. Makina bat gainera erori zaio 56 urteko langileari eta harrapatuta geratu da, heriotza eragin diolarik. Heriotza berri horrekin, dagoeneko 50 pertsona zendu dira 2021ean Euskal Herrian lanean, bosgarrena Araban.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun sektore honetako langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke. Langile hauek pairatzen dituzten lan-baldintza gogorrei instituzio publikoen erabateko utzikeria gehitu behar diogu. Zoritxarrez, baldintza guzti horien ondorio zuzena dira heriotzezko lan-istripu hauek.

Egoeraren larritasuna ikusirik, Euskal Herriko gehiengo sindikalak elkartaratze bat deitu du hilaren 13an, Eltziegoko herriko plazan eguardiko 12:00tan heriotzazko lan-istripu honen salaketa publikoa egiteko.