Lan Ikuskaritzak Altan Bernedo zigortu du grebalariak ordezkatzeagatik eta iruzurrezko kontratazioak egiteagatik

2022/04/21
Altan Bernedoko (Araba) greba amaitu ondoren -2021eko azaroan hasi zen eta 2022ko martxoaren 7an amaitu zen langileen baldintzak hobetzen zituen akordioarekin-, Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio greba batzordeari, eta enpresa zigortu du alde bakarreko txanda aldaketak egiteagatik Langileen Estatutua errespetatu gabe, ABLEen iruzurrezko kontratazioak egiteagatik eta grebalariak ordezkatzeagatik. Batzordeak deitoratu du ebazpena eta zigorrak greba amaitu ondoren iritsi izana -enpresa batzordeak behin eta berriz jakinarazi zituen arau hausteak-, enpresaren jardunbide txarrak zuzendu ezin direnean, eta ez du baztertzen Altan Bernedo salatzea grebarako eskubidea urratzeagatik.

Era berean, beste behin ere, lan ikuskatzaileen kopurua bikoiztea eskatu du, grebetan enpresaburuen arau hausteak saihesteko.