AMVISA ERABILTZAILEEN ARRETA

Langileek demandak aurkeztu dituzte kaleratzeak baliogabetzat jotzeko

2026/02/04
Langileek demandak aurkeztu dituzte kaleratzeak baliogabetzat jotzeko
Udal Gobernua eta EH Bilduren arteko akordio baten ondorioz eta publifikazioaren aitzakiapean kaleratu zuten AMVISAko plantilla, inolako kalte-ordainik gabe eta langabezia prestaziorik jasotzen eskubiderik gabe.

Orain arte AMVISAn herritarrei arreta emateko zerbitzua eskaini duten langileek demandak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzako Adiskidetze Atalean kaleratzeak baliogabetzat jo dituztelako, epaitegietara iristeko lehen izapide gisa. Egungo jurisprudentziaren arabera, langileek subrogazio-eskubidea zuten, eta, beraz, kudeaketa aldatu eta zerbitzua publiko egin arren, beren lanpostuetan jarraitu beharko lukete. Antzeko kasuetan alderdi politikoetako administrazioek egin duten bezala (Aguraingo edo Bastidako udalak, Eusko Jaurlaritza...).

ELAk gogorarazi du zerbitzu publiko egiteko Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioarekin ez dela subrogazio eskubidea bermatu. Are gehiago, kaleratze horiek gauetik goizera gauzatu ziren, inolako kalte-ordainik gabe, zerbitzuan lanean urteak eman ondoren eta langabezia-prestaziorako eskubiderik gabe. ELA PSErekin, EAJrekin eta EH Bildurekin negoziatzen saiatu zen arren, erabakia berretsi zuten, inolako negoziazio-tarterik gabe.

AMVISAko langileek lau hilabete baino gehiagoko greba egin zuten lan baldintzetan hobekuntzak lortzeko eta prekaritateari aurre egiteko, eta akordioa lortu zuten. Testuinguru horretan, ELAk ere epaitegietara joko du, AMVISAren eta Gasteizko Udalaren aurkako tutoretza-eskariarekin. Izan ere, AMVISAren Kontseiluaren erabaki horrekin langileen oinarrizko eskubideak urratu dira.

ELAk beti defendatu du zerbitzu hori eta administrazio publikoek azpikontratatutako zerbitzu guztiak publiko egitea, baina enplegu-bermearekin, legedi autonomikoak, estatalak eta europarrak ezartzen duten bezala. ELAk AMVISAri, Udal Gobernuari eta PSE, EAJ-PNV eta EHBildu talde politikoei eskatu die erabakia aldatzeko eta enpleguari eta langileen eskubideei eusteko.