Langileen gehiengo oso zabalak bat egin du Gasteizko Artium Museoko lehen greba egunarekin

Artium Zentro-Museoko langile hauek mobilizazio-plan bati ekin zioten uztailean, zerbitzuaren lizitazio berriaren oinarrietan 2018ko azken lizitazioarekin alderatuta aurrekontua %20 murriztu zela egiaztatuta. Orain arte hainbat mobilizazio egin dituzte, lanpostuak eta lan-baldintzak babestea eta kalitatezko zerbitzua defendatzea helburu.
Orain mobilizazioetan urrats berri bat ematea erabaki dute, eta irailaren 4a lehen greba eguna izan da. ELAk sektorean duen arduradun Ane Romerok azpimarratzen duenez, langileen gehiengo oso zabalak bat egin du deialdiarekin. “Sarreretan ez dago inor, ezin da txartelik erosi ez dagoelako salduko dizun inor, gela asko itxita daude… Oso pozik gaude langileek eman duten erantzunarekin. Gure oinarrizko eskaerak betatzen ez badira –iragarritako murrizketak ez aplikatzea, lanpostu guztiak mantentzea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea– irailaren 15etik aurrera greba mugagabea hasiko dugu”.