Erabateko jarraipena izan du Araiako Froneri lantegian deitutako lanuzteak

2020/01/21
Froneri enpresaren (lehengo Miko zenaren) Araiako langile batzordeak lanuzteak deitu ditu urtarrilaren 21, 22, 23 eta 24rako, orain dela hilabete batzuk enpresak inposatu duen muturreko egoera salatzeko. Izan ere, lan-harremanen eredu berri bat inposatzen ari zaiela salatu dute langileek, “Araiako planta hustu eta produkzioa beste leku batzuetara eramateko eredu basati eta jasanezina”. Aurreko astean bezala, lanuzteak erabateko jarraipena izan du gaurkoan ere.

2018ko ekainean enpresak hitzarmen ona sinatu bazuen ere, besteak beste, soldata igoerak etalan erreformaren kontrako klausulak biltzen zituena, orain dela hilabete batzuk enpresaren zuzendaritza berriak lantegia berregituratzeko asmoa zuela jakinarazi zuen. Orduan azaldu zutenez, aldaketa horrek ez zuen kalterik eragingo langileengan.

Bada, egoera oso bestelakoa izan da praktikan. Izan ere, ustezko berregituraketa horren atzean externalizazio kasu argia gertatu da. Lantegian egiten den lana murriztu da, Araian produzitzen zenaren zati bat kanporatu baita. Baina egoerarik larriena urteko lehen astean gertatu da, Aldi Baterako Langileen Enpresa baten zerbitzuak kontratatu dituztelako orain arte enpresako kontratu finko eteneko langileek egiten zuten lana burutzeko.

Langileek enpresari exijitu diote langile batzordea eta legea bera errespetatzea. Orain arte, ordea, negoziazioan fede txarrez jokatu du enpresak, lan hitzarmenean akordatutako konpromisoak eta askatasun sindikala urratuz.

ELAk gogor salatu du enpresaren jokabidea eta argi utzi du langileen esku jarriko dituela baliabide guztiak Araiako lanpostu guztien defentsan.