Sidenor Aceros Especiales
Lanuzteak eta grebak deitu dituzte hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako
Legutioko Sidenor Aceros Especiales lantegiko batzordeak (ELA, LAB eta ESK) lanuzteak eta grebak deitu ditu, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako. Maiatzaren 7an, batzordeak proposamen bat aurkeztu zion enpresari gatazka bideratzeko asmoz. Hala ere, ez zuen erantzunik jaso, eta hilaren 9ko bileran, enpresak negoziazioa blokeatu zuen. Bertan adierazi zuen taldeak exijitzen zuen malgutasuna onartu behar zutela negoziazioarekin jarraitzearen truke. Hau da, gainerako puntuei buruz hitz egitearen truke, langileek onartu behar dute beren lan baldintzak okertzea. Gauzak horrela, eta enpresak bere jarrera aldatzen ez badu, langileek txanda aldaketan kontzentrazioak egingo dituzte, maiatzaren 16an. Hortik aurrera, datorren astean eta hurrengoan grebak egingo dira astearte eta ostegunetan. Batzordeak ez du baztertzen hilabetea amaitutakoan mobilizazioak areagotzea, negoziazioak aurrera egiten ez badu.
Enpresa batzordeak uste du ezin dela negoziaziorik egin abiapuntu gisa eskubideak galtzeko exijentziarekin. Sindikatuek gogorarazi dute Sidenor taldeak etekin handiak lortu dituela joan den ekitaldian. Horregatik, batzordeak hasieratik planteatu zuen negoziazioak bi marra gorri izatea: eskubideak ez galtzea eta erosahalmena ez galtzea.
Batzordeak azpimarratu du Sidenor bezalako enpresa batean, lortu dituen emaitzak ikusita, bi premisa horiei erantzuteak ez duela enpresaren bideragarritasuna kolokan jarriko. “Kontrakoa litzateke, aberastasuna modu justuan banatuko litzateke”, dio.