Lau orduko lanuztea egin dute Miñaoko Aernnova Engineering enpresan

2022/04/05
Miñakoko (Gasteiz) Aernnova Engineering Division enpresako langileek lau orduko lanuztea egin dute, erosteko ahalmenaren galera eta jasaten dituzten soldata eskalak salatzeko. Ostegunean, apirilaren 7an, lau orduko lanuztea egingo dute berriro (09:00-13:00) eta elkarretaratzea egingo dute enpresaren eta SEAren aurrean, soldatak igotzeko eta parekatzeko benetako negoziazio bat eskatzeko. Salatu dute lan karga handitzen ari denez, enpresak malgutasun handiagoa eskatzen diela lanaldian, horrek dakarren estresarekin. Enpresak bere aldarrikapenak negoziatzea onartzen ez badu, langileen batzarrak grebarako deialdia egingo du.

Guztira, 140 langile dira eta ERTEak zein kaleratzeak izan zituzten pandemiaren hasieran. Gogoratu behar da Aernnova Engineering Divisionek Engineering Solutions xurgatu zuela eta plantilla subrogatu zuela. Horren ondorioz, Engineering Solutions-ek, bere hitzarmen propioa zuenak, galdu egin zuen Aernnova Engineering Division-ek xurgatu zuenean. Engineering Division une honetan ari da bere lehen enpresa-hitzarmena izango dena negoziatzen.