Legutioko Udalak plaza amortizatu eta udal psikologoa kaleratu du

2021/02/03
ELAk elkarretaratzea egin du otsailaren 3an Arabako Batzar Nagusien aurrean, Legutioko Udalak langile bat kaleratu izana salatzeko. Kaleratutako langileak 17 urte zeramatzan udal psikologo gisa lanean. Kaleratze honekin, Legutioko Udalak, EH Bilduk gehiengo absolutuarekin gobernatzen duenak, bere plantillan zuen gizarte zerbitzuko lanpostu espezifiko bakarra amortizatu du.

Ez da lehen aldia udal honek plaza amortizatu eta bitarteko funtzionario bat kaleratzen duena; 2019ko urrian lorategien mantentze-lanez arduratzen den pertsona kaleratu zuten. ELAren ustez, onartezina da Legutioko Udalak udal-zerbitzu publiko bakarra eta hura betetzen zuen langilea kentzea, eta, beraz, enplegua eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzeko mobilizatzen jarraituko du.