Arabako erresidentziak
Lehen greba eguna hitzarmen probintzialaren alde

ELA baikor agertu da Arabako egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan grebak izan duen jarraipenarekin, ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan diren arren: %70 gerokultoreen edo erizaintzako laguntzaileen kasuan, %50 DUEn eta %50 teknikarien kasuan. ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera, deitu du greba, "erakundeen pasibotasunaren eta enpresek probintziako hitzarmen bat negoziatzeko duten borondate eskasaren aurrean". Langileek salatu dutenez, lan hitzarmena negoziatzeko mahaia blokeatuta dago, enpresek ez dute borondate handirik eta Arabako Foru Aldundiak ez du ezer egin baldintzak hobetzeko. Manifestazioa egin dute Gasteizko erdigunean, Plaza Berritik Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoetaraino. Bertan, idazki bat entregatu dute, Aldundiaren bitartekaritza eskatzeko negoziazioan eta langileen baldintzak hobetzeko inplikazioa eskatzeko. Goizeko lehen orduan ere pikete informatiboak egin dira egoitzetako sarreretan.
Langileak bihar, urriak 4, aterako dira berriro bigarren greba egunean. Gaur egun, patronalak 1.350 euroko soldata eskaintzen die 2028rako, eta urtean 1.742 ordu lan egiten jarrai dezatela, ratioen eta aldi bereko eginkizunen problematikari heldu gabe.
"Patronalaren jarrera axolagabeak eta sektore feminizatu eta arrazializatuaren baldintza prekarioak hobetzeko borondaterik ezak agerian uzten dute patronala eta Aldundia oso eroso daudela euren jarrerarekin", salatu du ELAk.