Lehenengo hitzarmena adostu dute eta Aldundiko plantillarekin parekatu dira
Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoko langileek euren lehen lan-hitzarmena izateko aurreakordioaren alde bozkatu dute. % 73k alde bozkatu du.
Hitzarmenak suhiltzaileen zerbitzu horren berezitasunak jasotzen ditu, eta langileen eskubideak Arabako Foru Aldundiko plantillakoekin parekatzen ditu, hori baitzen aldarrikapen nagusietako bat. Halaber, kronograma bat ezarri da zerbitzuaren barruan egiteke dauden eta ezinbestekoak diren beste lan batzuei aurre egiteko, hala nola larrialdi-egoeretan langileek ezohiko deialdiak egiteko prozedura edo lanpostuen balorazioa. Larrialdi-zerbitzu bat diseinatzeko funtsezko gaiak badira ere, ez dira 10 urtean landu, eta orain datozen hilabeteetan adosteko epeak ezartzen dira.
Hitzarmenik gabeko denbora horretan guztian, lan baldintzak une bakoitzean agintean zegoen kudeatzailearen borondatearen mende zeuden. "Unerik onenean Udalhitz aplikatu zaigu, tradizioz, baina egoera gatazkatsua izan denean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasotako gutxieneko eskubideak baino ez ditugu izan", deitoratu dute.
Sindikatuak azpimarratu du oraindik erronka handiak daudela, hala nola egitura operatiboa egonkortzea (erdi-mailako arduradunak eta suhiltzaile gehiago txanda bakoitzeko), oposizioak egitea, ezohiko larrialdiak antolatzea (Elgea edo LEAren fabriketako suteak, esaterako) eta lanpostuen balorazio egokia egitea.