Maiatzaren 23tik greba mugagabean daude Aguraingo DHL logistika-zentroko langileak

Greba-deialdia egin baino lehen zortzi hilabeteko negoziazioak izan dira, baita dozena bat bilera ere. Hitzarmenaren indarraldia 2017ko abenduaren 31n agortu zen, eta enpresako zuzendaritzaren asmoa lantokiko hitzarmena edukirik gabe uztea da, salgaien garraioko probintzia hitzarmenaren soldata-igoerei lotzeko, hain zuzen ere. Gainera, enpresako zuzendaritzak soldata-eskala bikoitzari eutsi nahi dio. Hori horrela, lan berdinak egiten dituzten langile batzuek 3.000 euro gutxiago kobratzen dute behin-behinekoak izateagatik edo hitzarmena sinatu ostean plantillan sartzeagatik.
Bestalde, enpresako zuzendaritza behin-behineko kontratuez eta Aldi Baterako Laneko Enpresez (ABLE) baliatzen da iruzurra egiteko; hala egiaztatu eta jaso zuen Lan Ikuskaritzak txosten batean, eta isuna jarri zion enpresari arrazoi horregatik. Izan ere, egunean 30 langile baino gehiago kontratatzen dira han ABLE-en bitartez. Enpresa batzordeak beste salaketa bat jarri du Lan Ikuskaritzan, eta ebazpenaren zain dago. Enpresak, bere aldetik, ez du gai horretaz aritu nahi hitzarmenaren negoziazioetan.
DHL-Aguraingo enpresa batzordearen eta langileen oinarrizko eskakizunak hauek dira: lanaldia murriztea; soldata-igoerak KPIari lotzea; soldata-eskala bikoitza ezabatzea; eta kontratu mugagabeak egitea.