Martxoaren 3an, ELAk ezinbestekotzat jotzen du lana, politika eta gizartea eraldatzeko borrokan jarraitzea
ELAk duela 45 urte erregimen frankistak Gasteizen hil zituen 5 langileen omenez mobilizatzeko deia egin du. Sindikatuak azpimarratu duenez, aldaketa sozial, politiko eta laborala bilatzeko borroka ezinbestekoa da gaur ere, langileak pobretzen saiatzen ari diren honetan, krisiaren ondorioak ordaintzera behartuz. "Sistema hau langileriari bizkarra emanda eraiki da. Kapitalari exijitu behar zaio haiek ordain ditzatela krisi honen kalteak, ezin da onartu beti sufritzen dutenen bizkar gainean jartzea berriz ere pisua. Era berean, ezin zaio eutsi kaleratze kolektiboak onartzen jarraituko duen edo gure bizi-baldintzak okertzearen truke Europako funtsak onartuko dituen gobernu bati", laburbildu du ELAk.
Horregatik, kalera irtetea ezinbestekoa dela uste du. Gogorarazi du enpresa askotako langileak eguneroko ari direla bide horretan urratsak egiten: Ferrovial Araia; Aernnov; Aernnova Engineering; Mercedes eta azpikontratak; eskola-jantokiak; eskola-garraioa; Inditex; adinekoen egoitzak... Nabarmendu du mobilizatu egin behar dela, eta argi utzi behar dela ez zaiela utziko kaleratzen duten enpresei eta horretarako baimena ematen duten gobernuei krisi honetatik etekinak ateratzen, bizitza sostengatzen duten langileak kaltetzen dituzten bitartean. Izan ere, ELAk gogorarazi du krisi honek bereziki zainketen sektorean lan egiten dutenei eragiten diela, gehienak emakumeak; hau da, pandemiaren erdian borrokaren lehen lerroan egon arren, berriz ere kaltetuak diren langileei. Hori dela eta, gaur egun, inoiz baino gehiago, ikusezin bihurtu den lan horri balioa eman behar zaiola eta zainketak publiko egin behar direla azpimarratu dute.
ELAk gaineratu du ezin dela onartu Europako funtsak goxoki gisa erabiltzea gizartea engainatzeko. "Funts horiek aurreko krisiaren oroitzapen izugarria dakarkiguten austeritate-neurrien mende daude, eta erreforma lausoak edo are kaltegarriak ekarriko dituzte berekin, bai pentsio-sistemarenak, bai lan-legeriarenak berarenak". Sindikatuak ohartarazi duenez, administrazioek langileen aurka kargatuko dute funts horiek jasotzearen truke, milioi askoko kopuruak enpresa pribatuei transferitzen zaizkien bitartean, hain zuzen ere, langileak kaleratzen dituztenei.
Duela 45 urte erregimen frankistak Gasteizen hil zituen 5 langileen omenaldia 18:00etan egingo da monolitoaren aurrean. Ostean, oroimena, justizia eta erreparazioa exijitzeko manifestazioa 18:30etan abiatuko da Zaramaga auzotik Andre Maria Zuriaren Plazaraino, Gasteizen.