Mercedes Benzek berriz estutu ditu langileak

Ezin daiteke ahaztu, gainera, azpikontratetako langile asko eta asko kaltetuak izango direla. Izan ere, kolektibo hau bereziki zaurgarria da, beraz, beherala moldatu beharko da enpresak aldebakarrez exijitzen dituen aldaketetara, denari men eginez, erabakiak zentzua ote duen zalantzan jarri gabe.
Neurri honek agerian utzi du, beste behin, Mercedesen ezkutuko aurpegia: arauen gainetik igaro nahi du, Euskal Herrian etekin gehien dituen enpresetako bat izateak ematen dion boterea erabili nahi du langileen eskubideak ez errespetatzeko, etekin handiko enpresa izateak horretarako zilegitasuna emango balio bezala. Azkenaldian malgutasunaz baliatzen da etekinak maximizatzeko, langileen kaltetan, noski.
Mercedesen benetako aurpegia hori da: behin-behinekoen kontratazio masiboa legeari bizkarra emanez; egutegian aldebakarreko aldaketak egitea; kaleratze libreak enpresa gurtzen ez duten langileentzat; eta akordioak egitea batzorde-txiringitoetan, beti ere, enpresako batzordeari bizkarra emanez eta langileen gehiengoaren borondatearen kontra.
ELAn kezkatuta gaude honen aurrean administrazioak erakusten duen jarreragatik; izan ere, mugak jarri beharrean, alfonbra gorria jartzen dio Mercedes-i. Are gehiago, enpresari erraztu egiten dio nahi bezala jokatzea, praktika txarren aurrean ez ikusiarena egiten duen bitartean. Ezin aipatu gabe utzi Mercedesek langileen aspektu sozialak bazterrean uzten dituela erabat. Administrazioak ezin dio horre entzungor egin.
Denbora luzea daramagu enpresaren epe luzerako estrategia hau salatzen. Lobby gisa jardun nahi du Mercedesek eta administrazioak autogintza sektorean hartzen dituen erabaki politikoak aldatu nahi ditu, trukean langileen eskubideak erabiliz. Errespetu falta handia iruditzen zaigu hala jardutea, bereziki, ekoizpenari dagokionez marka guztiak hautsi dituztenean.
Gauzak horrela, ELAk bide juridiko eta sindikalak jorratuko ditu salbuezpeneko egoera horri aurre egiteko; onartezina da langileen kaltetan doan malgutasuna maila hori onartzea.