Mercedesek berriz ere Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erabili du malgutasun-neurri gisa

"Azken 4 urteetan 680 milioi euro baino gehiago irabazi dituen enpresa batentzat eskandalua da gertatzen ari dena", gehitu du. Zuzendaritzak enpresa-batzordeak eta langileek "ikusle hutsak" izatea nahi duela salatu du ELAk. "Badirudi Mercedesentzat ez dagoela ez araurik ezta legerik ere, eta erakundeek beste aldera begiratzen dute. Beste enpresa bati ez litzaioke onartuko Alemaniako multinazionalari onartzen zaiona", deitoratu dute.
ELAk uste du hiru direla Gasteizko lantegian gertatzen denaren arrazoiak eta gakoak: lehenik, lehenengo bileran aldi baterako espedientea sinatzea, zergatiak berrikusteko eta alternatibak aztertzeko denborarik gabe; bigarrenik, Zapateroren eta Rajoyren gobernuek egindako lan-erreformak, lan-agintaritzei berrikusteko eta zaintzeko ahalmena kendu zieten erreformak – "Gaur egun batzordearen gehiengoaren sinadurak edozein espediente bermatzen du" –; eta, azkenik, "erakundeen control eza".
ELAk azpimarratu duenez, "Mercedesen erabateko malgutasuna eta jarrera autoritarioak" salatzen jarraituko du, zuzendaritzak plantilla prekarizatzen duela iritzita.