Mercedeseko seigarren greba egunak ekoizpena gelditu du

2022/07/08
Mercedeseko seigarren greba-egunak, ELAk, LABek eta ESK-k deituta, erabateko jarraipena izan du, eta Gasteizko lantegiaren ekoizpena gelditzea lortu du, beste behin ere. Langileek Lehendakaritzan hasi eta Eusko Legebiltzarrean bukatu den manifestazioan parte hartu dute.

ELA pozik agertu da langileen erantzunarekin, nahiz eta zenbait atal sindikalek ontzat eman duten enpresaren eskaintza, plantillak aspalditik eskatzen dituen gutxienekoeneko edukiak bermatzen ez baditu ere.

Sindikatuak azpimarratu du borrokan jarraituko duela “malgutasun infinituko hitzarmen bidegabeekin eta soldata-igoera txikiekin amaitzeko, ez delako modu justuan banatzen Mercedesek sortzen duen aberastasuna eta ez delako langileen erosteko ahalmena bermatzen”. Sindikatuak adierazi du langileek argi dituztela helburuak: hitzarmen duina, erreformen aurka blindatuta, malgutasunik gabe eta KPIari lotutako igoerak.

ELAk adierazi du mobilizazioekin jarraituko duela, enpresak eta Eusko Jaurlaritzak benetako edukiak eskaini gabe jarraitzen badute.

Hurrengo greba egunak uztailaren 13, 14 eta 15ean izango dira.