MICHELIN GASTEIZ

Michelinek aurkeztutako arrazoiak baztertu ditu ELAk

2023/11/28
ELAk uste du Michelin Gasteizek Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketarako aurkeztutako arrazoiak ez direla benetakoak. Azaroaren 24an Michelingo Enpresa Zuzendaritzak kontsulta aldia ireki zuen Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketak egiteko. Aldaketa horiek, funtsean, hainbat lantegitan lan sistemak aldatzean datza.

Era berean, aldaketa horiek, eta betiere Enpresa Zuzendaritzak transmititutakoaren arabera, 150 pertsonako "soberakina" dakarte Gasteizko zentroan. Soberakin horri dagokionez, Enpresa Zuzendaritzak oraindik ez du adierazi zer jarrera izango duen. Zuzendaritzak argudiatutako kausak dira nazioarteko merkatuaren egoera eta bereziki Europakoarena, eta azaldutako arrazoiak ez dira batere zehatzak; halere, azaldutako ondorioetara iristen dira.

ELAk lehenik eta behin salatu du komunikabideak erabiltzen direla langileei urduritasun mezuak helarazteko; izan ere, Enpresa Batzordearekin izandako bileretan kaleratzeei buruz ez da hitz egin, eta komunikabideetan, aldiz, mezu hori errepikatzen da.

Bigarrenik, argi daukagu Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa horretarako (lan sistemen aldaketak) eta horren ondoriozko soberakinerako (beste testuinguru batean aurkeztu beharko litzateke, eta ez Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa batean) argudiatutako arrazoiak ez direla benetan azaldutakoak, baizik eta zigor modura aurkeztu direla, hau da, aurreko hilabeteetan lan baldintzak hobetzeko borrokatzea erabaki duen plantilla beldurtzeko ahalegina direla.

Zuzendaritzaren taktika argi dago hori dela. Horren aurrean, ELA sindikatua ez da geldirik geratuko. Horregatik, ELAk tresna sindikal eta juridiko guztiak jarriko ditu martxan Gasteizko plantillaren oinarrizko eskubideak babesteko.