ARABAKO ERRESIDENTZIAK ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK

Olentzerok eta Mari Domingik langileak bisitatu dituzte bigarren greba egunean

2023/12/13
Abenduaren 13koa hileko bigarren greba eguna da, sektoreko 31ena. ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera deitu ditu grebak, negoziazioak blokeatuta jarraitzen duelako eta erakundeek beste aldera begiratzen dutelako.

Gaurko mobilizazioetan aurrena manifestazioa egin dute langileek Gasteizko Plaza Berritik Probintzia plazaraino. Manifestazioa amaitzeko, langileek ekitaldia egin dute Aldundian, eta Olentzero eta Mari Domingi opariekin zain zituzten, egindako lanagatik eta egiten ari diren borrokagatik zoriontzeko. Aldi berean, politikariek ikatza jaso dute arazoaren aurrean duten jarrera pasiboarengatik. Goizeko lehen orduan ere pikete informatiboak egin dira erresidentzietako sarreretan.

Eusko Jaurlaritzak ezartzen dizkigun gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eta ia erresidentzia guztietan gertatzen diren grebarako eskubide urraketak kontuan hartuta, ELAk oso positibotzat jotzen du sektoreko grebaren jarraipena. Gogora dezagun langileen eskaeren artean daudela soldata igoera nabarmenak eta lanordutegiaren murrizketa, besteak beste.

Bihar, aste honetako azken greba egunean, abenduaren 14an, auto karabana bat egingo dute Gazalbide erresidentziatik 11:00etan, eta arratsaldean manifestazioa egingo dute 18:00etan Plaza Berritik, Andre Maria Zuriaren plazan langileek egingo duten ekitaldi batekin amaitzeko.