Osakidetzak Gasteizko Orientazio eta Adikzio Tratamenduetako terapia-pisua itxi nahi du

2019/05/28
Orain dela egun batzuk ELAk jakin ahal izan duenez Arabako Osasun Mentaleko Sareko Zuzendaritzak COTAren terapia-etxebizitza itxi du (COTA: Orientazio eta Adikzio Tratamenduetako Zentroa). Programa horretako erabiltzaileek ekainaren 2tik aurrera ez dute baliabide hori erabiltzerik izango.

Ez da lehen aldia izan Zuzendaritzak zerbitzu publiko bat itxi duela edo horren kudeaketa enpresa pribatu baten eskuetan utzi duela. Orain dela pare bat urte, alde bakarretik, aldi baterako eta baliabidea berrantolatzeko aitzakiaz, Zaramagako pisua itxi zuten. Pisu hura pertsonak komunitatean txertatzeko eta iraunarazteko tarteko egitura bat zen, pertsona horien bizimoduaren kalitatea hobetzearren. Baliabide hartako erabiltzaileak kudeaketa pribatuko pisuetara bidali zituzten. Ordutik hona itxita egon da. Ez orduan, ez orain ez dute arrazoitu edo zuritu kudeaketa-aldaketa hori.

Orain Zuzendaritza berak COTAren terapia-pisua itxi nahi du. Arabako Osasun Mentaleko langileen iritziz COTAren terapia-pisuaren beharra zalantzaz kanpo dago. Zerbitzu hori Forondako zerbitzuarekin batera antolatu zen, tratamendua luzatzea behar zuten erabiltzaileentzat, eta beti ere berriro gizarteratzeko moduko autonomia-maila jakin bat lortzeari begira. Baliabide horrek urtetan iraun du, eta orain hura eskaintzen jarraitzeko beste erabiltzailerik ez dagoela diote.

 

Terapia-pisua ixten badute, zerbitzu horretako erabiltzaileek beren tratamendua gainbegiratzeko aukera bat galduko dute. Horren ondorioz ospitaleratzeak ugalduko dira, erabiltzaile horien bizitza-kalitatea jaitsiko da, eta askoz garestiagoa izango da osasun-sistema publikoarentzat.

ELAk baliabide hori ixtea salatzen du, osasun-sistema publikoaren eskaintza eta kalitaterako beste murrizketa bat izango delakoan, eta Osakidetzako langileei enplegu-suntsipena ekarriko dielakoan.