Tubos Reunidos | AUZITEGI NAGUSIAREN EPAIA

50.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio ELAri grebarako eskubidea urratzeagatik

50.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio ELAri grebarako eskubidea urratzeagatik
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi du aldez aurretik Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak emandako ebazpena. Enpresak grebalariak ordezkatu zituen 2024ko uztaila eta iraila bitartean egindako greban.

Tubos Reunidos Premium Threads enpresak (Langraiz Oka) 50.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio ELAri, grebarako oinarrizko eskubidea larriki urratzeagatik. Hala erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak emandako ebazpena babestu du.

Gauzak horrela, epaiak berretsi ditu Arabako Lan Ikuskaritzaren ondorioak, egiaztatu baitzuen enpresak grebalariak ordezkatu zituela 2024ko uztaila eta iraila bitartean egindako greban. Zehazki, greba egiten zuten langileak plantillako beste pertsona batzuek ordezkatu zituzten ekoizpena eten ez zedin, eta hori grebarako eskubidea urratzea da.

Greba mugagabea zortzi astez luzatu zen 2024ko udan. Mobilizazioaren helburua multinazional horretako 73 langileentzako hitzarmen propio bat negoziatzea zen. Hala eta guztiz ere, zuzendaritzak legez kanpoko mekanismoetara jotzea erabaki zuen, grebak ekoizpenean duen eragina murrizteko.

ELAk epai judizial horren garrantzia azpimarratu du, grebarako eskubidearen babesa indartzen duelako eta argi uzten duelako enpresek ezin dutela greba bat neutralizatu ezkutuko ordezkapenen bidez, ezta greba hori edukiz hustera bideratutako jardueren bidez ere.