Tuvisako erregulazio-espedientea salatu du ELAk

2020/03/31
Arabako Lan Ordezkaritzak enpleguaren erregulazioko espedientea onetsi du, ezinbesteko arrazoiengatik, TUVISA sozietate publikoko gidarien lanaldia eta soldata murrizteko. ELAk gatazka kolektiboaren salaketa aurkeztea erabaki du.

Joan den astelehenean, hilak 23, ERTEaren eskaria aurkezturik zegoela ikusita, Batzordeak bere aurkako jarrera adierazi zuen, eta lan-agintaritzaren aurrean bere alegazioak aurkeztu. Lehenago ere, Zuzendaritzak soldatak %100ean osatzea eskaini zuenean, horretarako lan-egutegiaren inguruko irizpide guztiak malgutuz, Batzordeak aurkako jarrera berdina agertu zuen.

ELAk Gasteizko Udalaren jarrera salatu du, bere alkate Urtaran jauna buru duela, ERTE eskatzeko erabakia hartzeagatik. Gure ustez, ez da onargarria, ez etikaren aldetik, ezta —gure ustez— legearen aldetik ere, ERTE eskatzea oraingoa bezalako egoera batean. Egia esateko, kudeaketa txar batek gehiegizko orduen poltsa izugarriak sortzera eraman du, eta hori berreskuratzea oso zaila da. Eta osasun-krisiaz baliatu dira arazoa konpontzeko; eta, gainera, beste administrazio bati ordainarazteko. Horrela, erabateko elkartasunik eza erakutsi dute, zeren gizarte-segurantzan sortuko den zuloa denon artean ordaindu beharko baitugu.

Behin ERTEa Lan Ordezkaritzan onartu ostean, guk gatazka kolektiboaren salaketa aurkeztera beharturik gaude, ez baikatoz bat erabaki horrekin. Izan ere, Zuzendaritzak, ERTE bat aurkezteko, adierazi dituen arrazoiak, gure ustez, iruzurrezkoak dira; benetako arrazoia kudeaketa ezin txarrago baten zuloak estaltzea besterik ez da. Alde horretatik, kontratazio publikoaren arloko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Dekretuak argi eta garbi ezartzen du zerbitzuen titular diren administrazioek berek hartu behar dituztela zerbitzu horien gastuak osasun-alarmak dirauen bitartean, soldata-gastuak barne. Gure ustez, gainera, kasu honetan Tuvisak eta, azken batean, Udalak, Gizarte Segurantzaren eta eraginpeko langileen kontura, bidegabeko aberastea lortu nahi dute, neurri horren bidez aurreztuko diren diru-partidak beste zeregin batzuetara bideratu ahal izateko.

Azpimarratu behar da Tuvisa dela, Euskal Komunitate Autonomo osoan, ERTE bat aplikatzea eskatu duen lehenengo enpresa publikoa. Horrela, eta bizi garen egoera larri honetan, enpresa horretako arduradunek erakutsi dute bertako langileekin eta, oro har, langileria osoarekin ez dutela batere konpromisorik, ezta elkartasunik ere.

Horregatik guztiagatik, ELAk eta Tuvisako ELAren atal sindikalak eskura ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu oraingo egoera lehengoratzeko, eta ERTEa ez aplikatzeko. Eta, hori lortu ezean, normaltasunera itzuliko garenean, orain murrizten zaiguna itzultzeko eskatuko dugu kosta-ala-kosta; hori bai, zuzendaritzak argi izan dezala, egutegiaren eta lanaldiaren arloan zuzendaritzarekin adostutako eskubideei uko egin gabe.