OSAKIDETZAKO SEGURTASUN ZERBITZUA (ARABA)
Zerbitzuaren egoera jasanezina da

ELAk Invico Premiatsu enpresak zerbitzuaren kudeaketaz egiten duen utzikeria salatzen du; enpresa hau Arabako Osakidetzako zentroetako segurtasun-zerbitzuaren esleipenduna da. Duela gutxi jakin da Invico Premiatsu enpresak zerbitzu hori emateari utziko diola, eta ALSE enpresara pasatuko dela.
Utzikeria horren adibide dira langile falta, bete gabeko txandak, koadranteen etengabeko eta aurreabisurik gabeko aldaketak... Langileek muturreko estres-egoera bizi dute, eta horrek kalte eta arrisku larria dakarkie erabiltzaileei. ELAk Osakidetzaren erantzukizun zuzena salatu du, ez baitu neurririk hartu. ELAk enpresan duen ordezkaritzak iragarri du egoera aldatzen ez bada salaketa- eta mobilizazio-ekintzak egingo dituela.