Arabako suhiltzaileak

Zuzendaritzak aldebakarrez aldatu du adostutako hitzarmen zirriborroa

2024/10/03
Arabako suhiltzaileek salatu dutenez, gero eta zailagoa izaten ari da akordio arautzailea lortzea. Izan ere, zuzendaritzak hitzarmenaren beste bertsio bat egin du, negoziazio-mahaian kontrastatu gabe eta akordio arautzaileak aldez aurretik jasotzen zituen eskubideak murriztuz. Hala, salatu dute testu berrian aldatu direla dagoeneko adostasuna zeukaten zenbait gai, eta orain arte negoziatutako zenbait gauza alboratu dituztela (8 bilera egin dituzte 2023ko urritik). Erakunde Autonomoa sortu zenetik, 2016. urteaz geroztik, ez dago hitzarmen arautzailerik. "Borondate politikorik ez dagoenez, legezko gutxienekoa aplikatzen zaigu, eta horrek Bizkaiko Foru Aldundiko gainerako langileei aitortutako eskubideetatik urruntzen gaitu, nahiz eta gu ere erakunde publikoko enplegatuak izan", deitoratu dute.

Ekainaren 17an egin zen azken negoziazio-mahaian, erakundeak konpromisoa hartu zuen langileen batzordeak egindako ekarpenak kontrastatzeko eta lan zirriborroan sartzeko. Hala ere, eta testu "bateratu" berri bat egin izanaren aitzakian, zuzendaritzak eskubideak murrizten dituen testu berri bat aurkeztu du. Gogoratu behar da Arabako foru suhiltzaileak Aldundiko erakunde autonomo bat direla. Aldundiko langile guztiek eta Aldundiko gainerako erakunde autonomoek akordio arautzaileak dituzte. Horregatik, ez dute ulertzen hainbeste arazo egotea Aldundiko langile guztiei aplikatzen zaizkien eskubideak eurei ere aitortzeko.

Salatu dutenez, akordio arautzailerik ez dagoenez, Zuzendaritzak askatasun osoa dauka bere eskubideekin "jolasteko". Adibide bat jartzearren, orain arte senideak medikuarenera laguntzeko aukera zuten, Aldundiko langileek duten bezala. Bada, aste honetan bertan, eta aldez aurretik inolako abisurik eman gabe, baimena bertan behera utzi dute.

Gogoratu behar da uda hasieran zuzendaritzak suhiltzaileen egutegian aldaketak ezarri nahi zituela, eta, horren ondorioz, langile bakoitzak beste 13 egun inguru egin beharko zituela lan, egutegian ezarritako orduen gainetik, inolako konpentsaziorik gabe.

Hainbat mobilizazio egiteaz gain, aginduaren aurkako errekurtsoa jarri zuten, eta epaitegi batek onartu egin zituen. Gauzak horrela, bertan behera utzi zuen.