E28: ez dago “haiek” eta “gu”, denok gara “gu"

2017/07/06
Ekainak 28, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean, ELAk aniztasunari buruzko hausnarketa piztu zuen Bilboko Bilborock aretoan. Hausnarketa horretan bide lagun izan zituen adin txikiko transexualen senideen Chrysallis elkarteko kide Aingeru Maiorga eta pertsona transexualen eskubideen aldeko Errespetuz elkartearen lehendakari Sarai Montes. Lehenik eta behin, eta girotzeko asmoz, Diversxs filma ikusteko aukera egon zen: sexu genero identitateaz haratago, besteak beste VIH edo aniztasun funtzionala duten pertsonen testigantza entzuteko aukera eman zuen filmak, euren aniztasunaz gozatzen ikusteko aukera eskaini ere.

ELAko Genero Berdintasunerako arduradun Jone Bengoetxeak eman zion hasiera ekitaldiari. Gaia kokatzeko, eta bertaratutako baten batek mihin-puntan euki zezakeen galderari erantzuteko, honakoa azaldu zuen: “gaur, Ekainak 28, ELAk hitzaldi berezia antolatu du. Baten batek pentsa dezake ea zergatik sindikatu batek heldu behar dion gai horri. Bada, ezin daitekeelako ukatu langile klasea heterogeneoa dela, langile klasea ere anitza dela, eta beraz, ez dagoela “haiek” eta “gu”, denok garela “gu”, eskubideak ezin daitezke zatikatu”. Hortaz, borroka biak finean bakarra direla argudiatuta eman zitzaion hasiera hitzaldiari. Hitza hartzen lehena Aingeru Mayor Chrysallis elkarteko kidea izan zen. Sexologoa eta aita, berak bere burua definitzen duen bezala, zuzen heldu zion gaiari.

Zakila duen neska baten aita zela azalduz ekin zion gaiari. Argi utzi zuen Mayorrek: “neska edo mutila izatea ez da aukeratzen, neska edo mutila zara, zuk sentitzen duzuna zara, besterik ez”. Zentzu horretan, ume “transexualek” hautsak harrotu dituztela baieztatu zuen. Zer dela eta? Bada, berak ondo azaldu bezala, transexualitatearen gainean gizartearen zati handi batek zuen imajinario kolektiboa kolokan jarri duelako, irauli ere. Izan ere, asko izan dira transexualitatea, gaitz, noraeza, edota kapritxo batekin lotu dutenak. Ume transexualak ikusgarri bilakatzean, ordea, eskema guztiak apurtu egin dira. “Umeek ez dute aldarrikapenik egiten, ez datoz mundua aldatzera edo erreibindikaziorik egitera, umeek sinple esaten dute, ni hau naiz, eta kitto”. Alegia, zakila duen ume batek neska dela esatean ez du inongo kutsu politikorik, besterik gabe bera zer den definitzen ari da.

Umeak izan zituen bere diskurtsoaren oinarrian. Hainbat adibide jarri ere. Besteak beste, Candela izeneko neska baten adibidea jarri zuen (Chrysallisek argitaratutako azken liburuan bildutako testigantzetako bat). “Candela haserretzen da mutilen gauzak egiten dituela esaten diotenean”. Mayorren esanetan, halako baieztapen bat egiten den uneoro, umeen identitatea ukatzen ari gara. “Neskatila bati mutilen gauzak egiten dituela esatean, berak egin nahi duena eta okupatu nahi duen espazioa okupatzeko aukera ukatzen zaio”. Haratago joan zen Aingeru, eta hezkuntzaren erantzukizuna zuzenean interpelatu. “Eskoletan mutilek gonak eta soinekoak janzten dituzte, eurek hala erabakita, baina kalera ateratzen direnean kentzera behartzen ditugu, matxakatzen ditugu”. Berdin gertatzen da umeen ezaugarri ustez “maskulino” eta “femeninoekin”. Genitalen araberako ezaugarri jakin batzuetara egokitzera behartzen ditugu umeak Mayorren ustez. “Zortzi urteko ume batek bere gorputza moldatu behar izatea bere identitatea gizartearen ikuskerara moldatzeko ikaragarria da”.

Ideia horri tiraka aritu zen bere ondoan zen Sarai Montes ere. Pertsona transexualen eskubideen aldeko Errespetuz elkartearen lehendakariak hitza hartu zuen, jaiotzez zakila zuen neskatila izan zela konpartituz. Bere esanetan, ume “transexualen” kasuan, ezaugarritzea muturrera eramaten dute askok, alegia, zakila duen baina neska badela dakien neska baten kasuan, litekeena da ustez femeninoak diren ezaugarrriak eskuratzen saiatzea, muturrera eramanda ere (titi handiegien plantak egin…), berdin zakila duten baina neskak diren umeen kasuan. Zer dela eta? Argi du Montesek. Bere esanetan, bestearen onarpena behar dutelako, eta gizarteak behartzen gaituelako fisiko eta estetikoki “neska” eta “mutil” artean aukeratzera, “definituta” gaudenean baino ez gaituztelako onartzen.

Argi utzi zuten biek ala biek, neska eta mutil, dikotomia bakarra ezartzen dela, eta bakoitzari rol eta estetika jakin batzuk ezarri eta beste batzuk ukatu. Eztabaida interesgarria pizten du horrek, intersexualitatearena hain zuzen ere, alegia, badira zakila eta bulba, biak, duten umeak, jaiotzez. Bada, dikotomia horri jarraiki, neska edo mutil bezala definitzeko behar horregatik, ebakuntza egiten zaie umeei, bulba edo zakila jartzeko, inoiz ere ez biak errespetatu. Zorrotz agertu zen Aingeru horrekin. “Ablazioetaz kezkatuta gaude baina gure ospitaleetan genital definituak ez dituzten umeei ebakuntza egiten diegu bata edo beste aukeratzeko”.

Saraik, bere aldetik, bestelako gai batzuk jarri zituen mahai gainean. Azaldu bezala, berak ibilbide oparoa zuen lan-munduan, “zakildun pertsona” bezala irakurtzen zutenean gizartean. Emakumea izanda, ordea, bere itxura aldatzea erabaki zuenean errotik aldatu zen egoera. “Ordura arte nire CVarekin lan-eskaintza pila bat egiten zizkidaten, itxura aldatzean, ordea, ez zidan inork deitzen, hau da, ez ninduten diskriminatzen transexuala izateagatik, baizik eta emakumea izateagatik”. Beste modu batera esanda, matxismoa gailendu zitzaion transfobiari. Are gehiago, bere hitzetan, “zure NAN dokumentuak eta zure irudia bat ez datozen denbora tartean, ez zaitu inork kontratazen!”. Datuak dira horren adierazle: langabezia-tasa handiena duen kolektiboa da hau, %90ekoa, hain zuzen ere.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi hitzaldian hausnarketarako bidea ireki zuen beste kontu bat: zergatik deitzen diogu transexualitatea (horregatik orain arteko komatxoak), “trans” hitzak adierazten duen aldaketarik gertatzen ez bada? Azken finean, ez dezagun ahaztu identitate aldaketarik ez dagoela, aldatzekotan, eta ez du zertan, genitalak aldatuko dira, identitatea inoiz ez, norberak argi duelako hasieratik nor den, hankarteak dioena dioela ere.