Eusko Jaurlaritzaren plana soldata arrakalari aurre egiteko erabat hutsala da

2019/01/03
Eusko Jaurlaritzak lau haizetara zabaldu du datozen bi urteetan 283 milioi euro bideratuko dituela soldata arrakala ezabatzera. Bada, esan beharra dago Jaurlaritzak prestatu duen plan estrategiko hau urria dela eta ez duela soldata arrakalaren errora jotzen; hortaz, nekez lortuko du ezabatzea. Gainera, bere proposamenean biltzen dituen zenbait neurri ELAren neurriak balira bezala aurkezten ditu. Irmo esan behar dugu ez dugula prozesu horretan parte hartu. 2018ko apirilaren 16an ELAk soldata arrakalaren aurkako 32 neurri jasotzen zituen dokumentua aurkeztu zuen eta Jaurlaritzari eta Emakunderi helerazi zien; Eusko Jaurlaritzak eta Lan Sailburuak ez ziguten inongo erantzunik eman. Gauzak horrela, Jaurlaritzaren proposamenaren gaineko balorazio ezkorra egiteko beharrean gaude.

ELAren balorazioa Amaia Muñoa eta Leire Txakartegi, idazkari nagusiaren ondokoa eta berdintasun alorreko arduradunak egin dute Bilbon.

Plan honek badu hasieratik gabezia handia: ez dio soldata arrakalaren benetako arazoari heltzen. Izan ere, Jaurlaritzaren txostenak bi faktore baino ez ditu aipatzen soldata arrakalaren oinarria aztertzerako orduan: alde batetik, sexuaren araberako lanaren banaketa; bestetik, zaintza lanak eta enplegua uztartzeko zailtasunak. Izan ere, eta azken horri dagokionez, emakumeak dira, batez ere, ume eta adinekoen zaintzaz arduratzen direnak inongo ekarpen ekonomikorik jaso gabe, gainera. Hortaz, emakumeak dira amatasun baimenak, lanaldi partzialak... hartzen dituztenak. Kontratu partzialak dituzten langile gehienak ere emakumeak dira, kontratu hauek erabili ohi direlako enplegua eta etxeko eta zaintza lanak uztartzeko. Ondorioz, soldata baxuagoak dira, pentsioak gero... Lanaldi osoan ez egotea zigortu egiten da.

Edozein kasutan, eta bi faktore hauek garrantzitsuak izanik ere, bada derrigorrean aipatu beharreko hirugarren bat: emakumeen prekarietatea eta euren enpleguen kalitate eskasa. Ezinezkoa da soldata arrakalaren funtsa ondo ulertzea eta ezabatzea, horren atzean dagoen prekarietatea aztertu gabe.

Gainera, badira Jaurlaritzaren txostenetik kanpo geratzen diren eta ezinbestekoak diren beste bi faktore: alde batetik, zerbitzu publikoen pribatizazioa, hau da, balio bera duten eta ondorioz, soldata bera euki beharko luketen lan asko pribatizatu eta azpikontratatzen dira, hauetan emakumeak nagusi izanik: garbikuntza, erresidentziak, eskoletako jantokiak...; Bestetik, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, hau da, estatu mailako hitzarmenetako soldata baxuagoak aplikatzea gurean. Emakumeak nagusi diren sektoretan ari da bereziki aplikatzen: telemarketina, saltoki handiak...

Neurri orokorrak, besterik ez

Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituen neurriak ez dira nahikoak soldata arrakala errotik ezabatzeko. Hona hemen adibide batzuk:

Non daude azpikontratak?

Jaurlaritzaren planak Euskal administrazioaren soldata arrakalan diagnostikoa egin beharra dagoela aipatzen badu ere, muzin egiten dio azpikontratak aipatzeari. Bada, Administrazioetako azpikontratetan emakumeak gehiengoa dira sektore askotan, eurek betetzen dituzten lanpostuei balio gutxiago ematen zaielako oraindik, beraz, errazago pribatizatu eta kanporatzen dira.

Bestetik, eta enplegu politiken esparruan, soldata diskriminazioaren aurka salaketak jartzeko buzoi birtuala proposatzen da. Gure ustez, neurri horrek ez du ezertarako balio, emakume askok ezin dutelako salaketa jarri bizi duten prekarietatea dela eta. Beharrezkoa da gaia sakonean lantzea eta legea betetzen ez duten enpresei zigor eredugarriak ezartzea.

Gastu sozialean egin diren murrizketei aipamenik ez

Gai honi modu serioan heldu nahi bazaio, gastu sozialean jasandako murrizketak aipatu behar dira, horrek zerbitzu publikoak desegiten dituelako. Jaurlaritzak, ordea, ez du aipatu ere egiten. ELAk argi dauka mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzarako eskubidea bermatu behar dela. Ildo beretik, 0-3 urte arteko umeen hezkuntzan doakotasuna bermatzea ere beharrezkoa da, baina planak ez dio horri heltzen.

Diru partida ere urria

PLanean jasotzen diren neurriak garatzeko 283 milioi bideratuko omen dira hurrengo bi urteetan. Irudi hori, ordea, faltsua da. Hiru arrazoi nagusi aipatuko ditugu:

a) Planean jasotako neurri gehienak onartuta daude jada.

b) 283 milioi bi urtetan 141 milioi dira urtero. Lau urtetan 566 milioi izatera heldu daitezke, baina egun egiten denarekiko inolako aldaketarik suposatu gabe.

c) Kontratazioan dagoen iruzurraren aurka egiteko aurrekontua hutsaren hurrengoa da, urtero 60.000 euro bideratzea oso gutxi baita. Era berean, 150.000 euro kostatuko den “txoke-plana” ere ez da sinesgarria. Kopuru horiekin ezinezkoa da iruzurraren aurka egiteko giza baliabideak gehitzea.

Elkarrizketa soziala jarraipena egiteko espazio hutsala

Jaurlaritzak elkarrizketa sozialaren mahaia proposatu du planaren koordinazio eta jarraipena egiteko.

Jakina denez ELA mahai horretatik kanpo dago, hain zuzen, espazio horrek ez dituelako gutxieneko demokratikoak betetzen. Hortaz, soldata arrakalari buruz hartu daitezkeen erabaki politiko nagusiak mahai horretatik kanpo geratuko dira: aurrekontu politika, kasu.

Gainera, patronalari arrakalaren aurkako neurriak baldintzatzeko ahalmena aitortuko zaio, bera denean, hain zuzen, horren bultzatzailea.

Irakurri osoa