GENERO BERDINTASUN POLITIKAK
Osakidetzak ez du borondaterik Berdintasun Planean genero arrakalei aurre egiteko

Osakidetzak epeei dagokionez betetzeko zaila den negoziazio egutegia aurkeztu du; sindikatuei ematen zaien parte-hartzea oso txikia da. Dokumentuei alegazioak egiteko bi epe aurreikusten dira, bakoitza bost lanegunetakoa. Beraz, horiek sakontasunez lantzeko aukerarik ez du ematen. 45.000 pertsona baino gehiagori eragingo dien Berdintasun Plan eraginkor bat garatzeak eskatzen du erroko arazoei heltzea eta datozen lau urteetarako eman beharreko urratsen plan zehatz bat prestatzea. Hala ere, Osakidetzak hilabeteko epean itxitzat eman nahi du.
Berdintasun Planen abiapuntua diagnostiko egokia, zehatza eta genero arrakaletan eragiten duten faktoreak ikertzen dituena izan beharko luke. Orain arte ez da horrela landu, ez aurreko planean ez oraingo honetan ere. I. Berdintasun Planaren abiapuntua diagnostiko zaharkitu eta desegoki bat izan zen: osatu gabe egoteaz gain, bost urte lehenagoko datuak hartzen zituen abiapuntutzat. Ez zen diagnostikorik egin plana egin zen momentuan erakundearen egoera zein zen jakiteko.
ELAk Osakidetzari leporatu dio martxoaren 8rako propaganda egin nahi izatea, eta exijitu dio genero desberdintasun guztiei modu eraginkorrean aurre egiteko landu dezala II. Berdintasun Plana.