Bizimodu duin baten alde, emakumeok grebara!

2012/03/08
Jone Bengoetxea- ELAko genero politika saila
Bizimodu duina? Ez al gara pertsona guztiok duin, pertsona garen aldetik? Edota agian duin ginen, baina orain ez? Ziurrenik zeuen buruari galdetuko diozue zer dela eta hasi den sindikalismoa egunetik egunera, gero eta areago zalantzan jartzen herritar gehienek, langile ordaindu izan ala ez, onartzen dituzten oinarrizko printzipio batzuk.

Bete-betean ari gara bizitzen gizarte-mobilizazioa eta ekintza sindikalak; greba orokor bat ere deituta dago. Langile-klasearen borrokak gero eta konplexuagoak dira, aspaldian ikusi gabeko eraso honi aurre egin nahian. Eta honi dagokionez emakumeok badugu zer esan eta zer egin, ez bakarrik martxoaren 8aren bezperetan, baizik hasi diren eta etorriko diren mobilizazio horien baitan ere.

Urtero martxoaren 8a dela-eta argazki bat plazaratzen dugu, nolabait erresistentzia pasibozko jarrera batekin, argazkiak sexuaren arabera zatikatutako lan-merkatu bat erakusten baitu; honek eragin jakinak ditu, ondorio kaltegarriak emakumeontzat.

Hasteko, gizonekiko soldaten desberdintasuna oso handia da (urteko 7.000 € EAEn 2011n, eta 7.268 € Nafarroan 2009an); emakumeok batez besteko mailatik gora gaude ordezkatuta langabezian, azpienpleguan, aldi baterako kontratuetan, lanaldi partzialean, etab. Eta ez dago aipatu beharrik ekonomia informalean egiten ditugun jarduera guztiak, bizitzarako ezinbestekoak eta konplizitate kolektibo harrigarriz musutruk eta inongo aitorpenik gabe egiten direnak.

Behin eta berriz aipatuagatik, oraindik ere emakume langileon eskubideak urratu egiten dira, baina modu berezian: guri ematen dizkiguten enplegu-kategoriek balioespen sozial eta ekonomiko okerragoa izan ohi dute; gure lan-baldintzak beti gainbehera doaz, eta zor estruktural honekiko itsutasuna historikoa da.

Haatik, guk ez dugu zor estrukturala izan nahi; erresistentzia pasiboak bere mugak ditu, areago atzerakada gertatzen ari den uneotan, izan ere, krisia ordaintzen ari diren guztien artean, emakumeok ‘gainsari’ gaizto bat baitaukagu.

Ez dauka ez hanka, ez bururik batetik genero berdintasuna aldarrikatu eta bestetik gastu publikoa zeharo murrizten aritzeak. Kontraesana da bankuen kontuak diru publikoz orekatzea eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna edota bereizkeriaren kontrako jarrera aipatzea.

Aurrekontu publikoaren eta gizarte-gastuaren murrizketa zuzen-zuzenean emakumeen bizkarrera doa, dugun krisiaren “leuntzaile” rola medio; halaber, pobreziaren feminizazioa areagotzen du eta bizimodu prekariora daraman bidea urratzen hasten da.

Gauzak horrela ikusirik, erakundeek agenda politikoaren eta ekonomikoaren lehentasunak zeintzu diren adierazten dute, eta argi dago emakumeok, benetako berdintasuna, eta are, bortizkeriarik gabe bizitzeko gure eskubidea, ez daudela inondik ere lehentasun horien artean.

Uneotan gogoan dugu azken erreforma laborala eta negoziazio kolektiboaren erreforma; espainiar parlamentuan hain zuzen martxoaren 8an berretsiko dute. A zer paradoxa!

Hartutako erabakien xehetasunetan sartu gabe, batzuk aipatzea komeni da, eta kontutan izan behar da guztiek dutela genero-eragin bereziren bat. Aipatzekoa da kaleratzea hainbat eratan erraztu eta merkatu dutela; negoziazio kolektiborako eskubidea mugatzen da; malgutasuna areagotu dute, eta kontratu prekarioak zein lanaldi partzialekoak bultzatu.

Zehazki, azken erabaki honek emakumeok bete-betean jotzen gaitu, kontratu mota hau ia emakumeekin besterik ez baita egiten. Lana, familia eta bizitza pertsonala kontziliatzeko bide honen zergatia zaintza-azpiegitura unibertsal egokirik ez dagoela da. Baina gainera, sarri emakumeek lan-merkatuan sartzeko duten bide bakarra da. Hau ere tranpa bat da, izan ere, askotan emakumeek ez baitute borondatez hautatzen; horregatik adi egon behar dugu “ezkutuko langabeak” bistatik ez galtzeko, hots, enplegu bila ez dabiltzan emakume eta pertsonak, baina aukera izanik lan egingo luketenak.

Erreforma hau gure eskubideentzako iseka bat baino gehiago da. Erantzun argia eman behar diogu guztiok, sare gisa eta era antolatuan jokatuz. ELAk uste du enpresei presioa eragin behar zaiela eta politika publikoak fiskalizatu behar direla. Baina badakigu ere borroka areago doala, eta partekatutako borroken arteko ekintza bateratua indartzea ez dela nahi bat, betebehar bat baizik.

Eta borroka partekatuen artean, emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasunaren alde egin beharrekoa saihestu ezineko jokaleku bilakatzen da; hor indarrak batuko ditugu mugimendu feministekin, zein helburu hori duten kolektibo, plataforma eta antolakunde sozialekin.

Bizimodu duin baten aldeko borroka ere ez da hautu kontu bat; horrenbestez, sindikalismoa indarrez mobilizatuko da. Kalera ateratzeko arrazoiak soberan ditugu; gaur egun lana duenak ere ez baitauka bizimodu duina ziurtatuta, eta prekarietatea ere gertu egon baitaiteke. Guzti honengatik, martxoaren 29an emakumeok grebara goaz!